Eguneko giro paregabeaz gozatzeko aitzakia eman du txakolinak Amurrion

Erredakzioa 2024ko mai. 27a, 13:32

Eguerditik iluntzera arte luzatu zen jai atzo giroa Amurrion. Txakolina izan zen festaren ardatza, baina bestelako protagonistak ere egon ziren.

Txakolin Egunak aspaldi utzi zion edari horri lotutako jai sektorial hutsa izateari, Amurrioko urteko ospakizun esanguratsu eta preziatuenetako bat bilakatzeko. Atzokoa, XXV. edizioa izanik, are bereziagoa izan zela esan daiteke.

Giro hodeitsua egon zen arren, azkenean ez zuen apenas euririk egin, eta ehunka herritar animatu ziren eguerditik iluntzera arte luzatu zen festaz gozatzera. 

Eguerdian abiatu zen egitaraua. Hain zuzen, 11:30ean ekitaldia egin zuten udalbatza aretoan. Bertan, omenaldia egin zioten David Lecandari, Arabako Txakolinaren aurtengo enbaxadore izateko hautatu duten pertsonari. Jatorriz laudioarra da Lecanda, baina duela hainbat urte joan zen Madrilera bizitzera, eta hainbat jatetxe ireki ditu bertan. Ekitaldian nabarmendu zutenez, Arabako Txakolina lehentasunezko edaria da establezimendu horietan guztietan, eta horregatik eman zioten Aiaraldean ekoizten den ardoaren ordezkari titulua. 

Lecanda bera arduratu zen egunari hasiera emateko suziria pizteaz. Ordutik aurrera, parkera mugitu zen jai giroa. Janari eta txakolin postuak egon ziren bertan arratsaldera arte. Tokiko ekoizleak, aldiz, Elexondo pasealekuan kokatu ziren.

Bi musika talde arduratu ziren egunari soinu banda jartzeaz. Belgorriko kideak igo ziren oholtza gainera lehenbizi, eta Akerbeltz erromeriak hartu zuen lekukoa arratsaldean.  

Aldarrikapenak

Aldarrikapenetarako tartea ere egon zen atzo Amurrion. Udalak Aiaraldea Komunikabideari diru-laguntza kendu izanaren salaketa presente egon zen egun osoan, ehunka pegatina zein eskuorriak banatu baitziren. 

Horrez gain, herriko udal kirol azpiegituretako langileek elkarretaratzea egin zuen 14:00etan, bizi duten egoera prekarioa salatzeko. 

Argazkiak: Chris Gomez Dominguez eta Txabi Alvarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide