Ekainaren 9an izango dira Europako Hauteskundeak, eta alderdiek ekin diote zita horri begira motorrak berotzeari. EAJk Amurrion jarri zituen indarrak atzo, alderdi jeltzaleko ordezkari esanguratsuenak bertaratu baitziren Guk eskulturaren parean eginiko ekitaldira.
Rakel Molina izan zen hitza hartzen lehena. Arabako zerrendaburua ur-botila batekin igo zen oholtza gainera. Azaldu zuenez, plastikozko botila guztien tapoiak ontzietara lotuta egon beharko dira uztailetik aurrera, plastikoa murrizteko Europako araudi berriak hala aginduta. Hautagai jeltzalearen aburuz, “horrelako kontuetan argi ikusten da zer nolako eragina duten Europan hartzen diren erabakiek gure egunerokoan". Gauza hala, hauteskunde hauek “oso garrantzitsuak” direla nabarmendu zuen Molinak, eta kalera atera eta “jendea konbentzitzeko” deia luzatu zuen, “Oihane Bruselasera eramateko”.
Oihane Agirregoitia izan zen, hain zuzen, oholtzara igo zen bigarren pertsona. Europako Parlamenturako zerrendaburuak berrindustrializazioa izan zuen hizpide, besteak beste, horren aldeko “apustu argia” egingo dutela nabarmenduta. “Euskal ekonomiaren %40 industria eta zerbitzu aurreratuak dira. Bikaintasun poloa gara, eta hori nabarmendu egin behar da”, azpimarratu zuen.
Beste hainbat gai ere izan zituen ardatz: digitalizazioa, deskarbonizazioa, identitate digitalaren babesa, euskara edota genero oreka, besteak beste. EAEko datu sozieokonomikoak ere goraipatu zituen Agirregoitiak, eta aldarrikatu zuen Euskadi “harro egoteko moduko aberria” dela.
Berrindustrializazioaren aldeko "apustu argia" egingo dutela ziurtatu zuen Oihane Agirregoitia zerrendaburuak.
Andoni Ortuzarrek, AHTa hizpide
Andoni Ortuzar izan zen atzoko ekitaldia ixteaz arduratu zena. Euskadi Buru Batzarreko presidenteak PPren aurka jo zuen bereziki, Javier Zarzalejosek eginiko adierazpen batzuen harira.
Alderdi Popularreko kideak jeltzaleei leporatu zizkien AHTaren eraikuntzan egondako atzerapenak. Horren aurrean, Ortuzarrek nabarmendu zuen trenaren eraikuntza Espainiako Gobernuaren eskumena dela, eta PP zein PSOE egon direla agintean bertan, eta ez bata ez bestea ez direla behar beste “busti” abiadura handiko trenaren proiektuari dagokionez, lehentasuna eman dietelako beste autonomi erkidego batzuei.
Horren aurrean, jeltzaleen buruak ziurtatu zuen AHTaren obrak amaitu egingo direla, “berandu” bada ere. “Eta ziur EH Bildukoren bat ere bertan muntatuta ikusten dugula”, gaineratu zuen.
Horri lotuta, Ortuzarrek gogorarazi zuen EAJk bi zuzenketa sartu zituela Espainiako Gobernuaren aurrekontu orokorretan, Amurrioko tren geltokiko tunela eraikitzeko bata, eta Luiaondoko tren geltokia birmoldatzeko bestea.
Bukatzeko, EAJa “ezberdina” dela aldarrikatu zuen Ortuzarrek, beste batzuk “iraina banderatzat” hartzen duten bitartean, jeltzaleek proposamen eraikitzaileak egiten dituztelako. Gauzak hala, bere hitzetan, alderdi jeltzalea izango da “Euskadiren ahotsa Europara eramateko” aukerarik onena.