Berritasunak izango ditu abenduaren 22an lehiatuko den Amurrio Krosak. Izan ere, World Athletic´s elkarteak Oinkariak taldeko eskaera onartu du eta nazioarteko izaera aitortu dio. Hala, World Cross Country Tour zirkuituan egongo da Amurrioko hitzordua, zilarrezko kategorian, hain zuzen.
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Pablo Mas Oinkariakeko ordezkariarekin eta berak ziurtatu dio elkartea prest dagoela aurrerapauso hori emateko: "Gure helburua da haztea eta hobetzea eta horretarako hartu dugu bide hau".
Nazioarteko izaera lortu izanak atea ireki dio taldeari lasterkari profesionalak erakartzeko eta ikuskizun hobea eskaintzeko publikoari. Halaber, antolatzaileak lanean ari dira proba telebistan emititu dezaten.
Edonola ere, kirolari profesionalak erakartzeak ez du esan nahi Amurrio Krosak bere sustrai herrikoiak baztertuko dituenik. "Umeen lasterketak, proba inklusiboa eta herri lasterketa ez ditugu alde batera utziko", nabarmendu du Masek.
Gainera, atleta profesionalen presentzia baliatu nahi dute Amurrion lasterketa baino lehen zenbait jarduera antolatzeko eta herrian giroa sortzeko kirolaren inguruan.