Zaraobe saskibaloi taldea, lau hamarkada ospatzeko festaren atarian

Izar Mendiguren Cosgaya 2024ko eka. 20a, 15:29

Zaraobeko nesken taldea, artxibo irudi batean.

Ekainaren 22an egingo dute Zaraobe saskibaloi taldekoek euren urtemuga festa. Egun osoko programazioa prestatu dute, saskibaloi joko eta guzti.

🔴 AMURRIOKO UDALAK DIRU-LAGUNTZA KENDU DIO ESKUALDEKO EUSKARAZKO KOMUNIKABIDE BAKARRARI 🔴
📝 Eman atxikimendua eta babesa Aiaraldea Komunikabideari, hemen sinatuta 👇

www.labur.eus/amurrioneuskarazbizinahidugu

📍 Ekainak 21, ostirala, AGERRALDI HERRITARRA Amurrioko Juan Urrutia plazan, 19:30ean.

Mende erdi betetzeko hamarkada baten faltan dago Amurrioko Zaraobe saskibaloi taldea. 40 urtez aritu dira herrian kirol hori sustatzen, eta festa bidez ospatuko dute urtemuga. Hain zuzen, denboraldi amaiera baliatuko dute festarako; egun osoko egitaraua oinarri hartuta. 

Duela ia 40 urte sortu zuten

1984ko Gabonetan hasi zuen ibilbidea taldeak. Garai horretan torneoa antolatu zuten, baina ideia lehenago mamitu zuten Amurrioko Bedarbide klubeko zenbait jokalarik.

Marcos Marotok lagundu zituen gazte horiek eta Marotok berak presidente lanak bete zituen hainbat urtez. Jon Pinedo egungo presidentea egon zen hasierako jokalarien artean eta hala oroitu ditu garai horiek: "ezinezkoa da jakitea zenbat lagunek parte hartu duten klubean. Presidente kopurua zehaztea ere zaila da, baina Marotoren zein Oscar Estrellaren lana goraipatuko nuke nik".

Orainaldi polita

Iragana garrantzitsua bada ere, Pinedok azpimarratu du garai bikainak bizi dituela klubak orain: "300 jokalari daude eta 200 baino gehiago neskak dira. Gainera, junior taldea Euskal Ligan dago eta hurrengo denboraldian Baskoniaren eta Bilbao Basketen aurka jokatuko du. Amaitu den denboraldian bi talde izan ditugu Liga Nazionalean, baina kategoria oso zaila da herri batentzat eta jaitsi dira".

Jaiaren egitaraua

Gauzak horrela, aspaldi zein berriki bizitakoa ospatzeko arrazoiak badituzte amurrioarrek eta egitarau zabala prestatu dute horretarako. Goizean zehar gourmet gosaria egongo da Basarteko tabernan, 9:00etatik 12:00etara Bañuetan 3x3 saskibaloi txapelketa egongo baita, "benjaminetatik gloria zaharrenetaraino". 

12:30etik aurrera, berriz, trikipoteoa egingo dute tabernetan barrena. Iradoki dutenez, saskiratze jolasak ere tartekatuko dituzte hainbat tokitan. Ibilbidea ere jakinarazi dute dute, ordutegi erreferentziala barne:

  • Villa Florida (12:30)
  • Cola de gallo (13:00)
  • Biderdi (13:15)
  • Ganbara (13:30)
  • Albizabal (13:50)
  • Guk (14:10)
  • Txokogorri (14:30)
  • Rinconcito (14:50)
  • Frontoi taberna (15:15).

Hala, udal pilotalekuan egingo dute bazkaria: "13:30ean haur kategoria bitartekoekin, eta 16:00etan gainerako mahaikideentzako". Erantsi dutenez, 450 lagunekoa izango da bazkariko langa.

Bazkalostean (hots, 17:00etan) DJ Varro ariko da kantxa girotzen, eta 19:30ean barbakoarekin borobilduko dute eguna, zozketa eta guzti, 22:30ean bukatzeko.

Antolakuntzari dagokionez, bi ohar zabaldu dituzte sustatzaileek: "Egun osoan hidratazio zerbitzua izango dugu frontoiaren zonaldean. Horrez gain, denok lagundu behar dugu (lehenago, bitartean eta ondoren) muntaketan, garbiketan... Dena garbi utziko dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide