ARGAZKIAK ETA SAILKAPENAK

Eskualdeko kirolariek zeresana eman dute Amurrio Trail Lasterketan

Erredakzioa 2024ko eka. 25a, 15:50

Pello Moreno, Iñaki Isasi, Ana Ibarra eta Izaskun Bengoa igo ziren igandean podiumera, besteak beste. Antolatzaileak pozik azaldu dira aurtengo edizioak izandako harrerarekin, are gehiago kontuan hartuta hainbat berrikuntza sartu dituztela lasterketaren antolakuntzan. 

Argazkiak: Chris Gomez Dominguez

Pozik daude Amurrio Trail Taldeko kideak igandeko lasterketak izandako harrerarekin. Goizeko hamarretan abiatu ziren 204 korrikalariak Juan Urrutia plazatik, eta Burubio eta Babio artetik ibili ziren lasterka, herrigunera itzultzeko gero. 

Antolatzaileek aitortu dute eguraldia apur bat “tristea” izan zela, euri apur bat egin zuelako, baina ez zela txarra izan menditik korrika aritzeko, ez zuelako ez hotzik ezta haizerik egin. “Jendeak disfrutatu du lokatzaz eta mendiaz. Parte hartzaileek gustura amaitu dute, ez da ezer larririk gertatu eta dena joan da ondo”, azaldu dio Axier Vivancok Aiaraldea Komunikabideari. 

Trail taldeko presidentearen ustez, hori da garrantzitsuena: jendea pozik itzultzea etxera. Eta lortu dutela dirudi: “Jendeak esan du pila bat disfrutatu duela, eta datorren urteko lasterketan pentsatzeari ekin diogu pixkanaka”. 

Berrikuntza ugari

Vivancok nabarmendu duenez, hainbat berrikuntza txertatu dituzte aurtengo lasterketan. Ibilbidearena izan da begien bistakoena, albo batera utzi baitute aurreko edizioetako eskema, bide berriak osatuz Burubio eta Babio ingurutik.

Horrez gain, Ipar Martxa ere antolatu dute aurten lehenbizikoz. “81 partaide egon dira eta disfrutatu egin dute prestatu dugun ibilbideaz”, azaldu du Vivancok.  

Ibilbide berria estreinatu dute aurten, Ipar Martxa egin dute lehenbizikoz eta plastikoa erabiltzeari utzi diote seinalizazioan eta hornilekuetan

Baina egon da beste berrikuntza bat ere; horren agerikoa izan ez arren, garrantzi handikoa izan dena. Amurrio Trail Lasterketa “Etiketa berdea” proiektuan sartu zen iaz. Hori dela eta, hainbat aldaketa txertatu dituzte aurtengo edizioan: jarri dituzten seinale guztiak izan dira berrerabilgarriak, eta plastikozko edalontziak banatzeari ere utzi diote hornilekuetan, parte hartzaileei euren katilu propioak eramateko eskatuz.

Modu horretan, “lasterketa jasangarriak” antolatzea dute helburu, “ingurunea zaintzen dutenak eta masiboak ez direnak”.

Eskualdeko kirolariak podiumean

Emaitzei dagokienez, Aiaraldeko korrikalariek eman zuten zeresana igandeko zitan. Pello Moreno Martin laudioarra bigarren geratu zen trail luzeko gizonezkoen kategorian, eta Iñaki Isasi Flores aiararra hirugarren helmugaratu zen kategoria berdinean (gainera, kontuan hartu behar da Isasik aurreko egunean Aiara BTT Marathonen ere gailentzea lortu zuela). Lasterketa txikian, aldiz, Amurrioko Trail Taldeko Ana Ibarra Velar sailkatu zen bigarren. 
Ipar Martxan, aldiz, Izaskun Bengoa amurrioarra iritsi zen metara lehena emakume federatuen artean. 

Hemen ikusi daitezke kategoria guztietako lehen hiru sailkatuak:

TRAIL LUZEA (22 kilometro)

Gizonak

1. Mestafa Mahfoud
2. Pello Moreno Martin
3. Iñaki Isasi Flores

Emakumeak

1. Ania Hernandez Gonzalez
2. Lola Oiarzabal
3. Lucia Garate Echenique

TRAIL TXIKIA (12,5 kilometro)

Gizonak

1. Eneko Mariño Apezteguia
2. Oier Kareaga Laka
3. Aner Zuluaga Intxaurbe

Emakumeak

1. Fatima Urigüen Abrisqueta
2. Ana Ibarra Velar
3. Mariñe Izaola Arenas

IPAR MARTXA FEDERATUAK

Gizonak

1. Pedro Romero Delgado
2. Ramontxo Arandia Goldaracena
3. Jon Mendrano Ruiz

Emakumeak

1. Izaskun Bengoa Perez
2. Arantza Astirraga Muruamendiaraz 
3. Maria Victoria Landa San Martin

IPAR MARTXA OPEN

Gizonak

1. Arkaitz Vidal
2. Antonio Cobo
3. Gerard Gibaja

Emakumeak

1. Beatriz Imas Zudaire
2. Sonia De La Fuente
3. Pilar Lopez Santamaria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide