MARIA ITURBE ETA MAIALEN RAMIREZ

“Emakumeok belaunaldiz belaunaldi transmititu ditugun zauriak eszenifikatu nahi ditugu, tabu bilakatu ez daitezen”

Maider Ramirez Martin 2024ko uzt. 3a, 20:08

Maria Iturbe eta Maialen Ramirez Faktorian egon dira euren sorkuntza prozesuari forma ematen. / Naia Vallejo Torres

MARIA ITURBE (Amurrio, 2004) eta MAIALEN RAMIREZ (Tafalla, 2004) Dantzertiko Arte Dramatikoko graduko ikasleak dira. Faktoriako oholtza baliatu dute azken astean esku artean daukaten pieza sortzeko.

Ama-alaben arteko harremanak landu nahi izan dituzue piezan. Zergatik aukeratu zenuten gai hau? Eta zer da lanarekin transmititu nahi duzuena?

Maialen Ramirez: Alabak garen heinean azalean bizi dugun esperientzia bat da. Gaiari buruz hitz egiten konturatu ginen harreman mota berezia dela, alde batetik, elkarren arteko maitasunagatik, eta baita gizartean dagoen estigma sozialagatik ere. Gainera, emakume izateagatik, heldutasunean konturatu gabe azaleratzen diren biolentzia leunak daudela ere ikusi genuen.

Maria Iturbe: Ama-alaba harremana aukeratzen ez dugun zerbait da. Eta harremanaren barruan badaude patroiak, bukleak edo ezarritako joerak, ez direnak aldatzen. Eta horiekin apurtzeko beharra ikusten dugu guk. Zaintza harremanak analizatzeko beharra dago.

M.R.: Belaunaldiz belaunaldi emakumeok, hein batean, gure zauriak transmititu ditugula uste dugu, eta gure ardura da hori ikusaraztea. Hori eszenifikatzea, tabu ez bihurtzeko.

"Lau kontzeptuetatik abiatuta egin dugu lan: erditzea, zaintza, indarkeria eta barkamena"

Paktu bat da zuen lanaren behin-behineko izenburua. Zein da zehazki paktua?

M.I.: Guretzat ama-alaben harremana odol paktuaz edo erditzeaz harago doan zerbait da. Nolabait ardura sentitzen dugu gure amen jarrera batzuk erreproduzitzeko, esate baterako, zaintzari dagokionez, nahiz eta jarrera horiek batzuetan mingarriak izan.  

M.R.: Argi ikusten da, esaterako, harreman ona ez duten ama-alaben artean. Sarritan, nahiz eta harreman hori mozten saiatu, badago biak lotzen dituen zerbait indartsuago bat, eta hori ere guretzat bada paktu bat.

Sormen prozesuaren zein fasetan zaudete orain?

M.R.: Zirriborro fasean gaude. Ideiak partekatzen, amankomunean jartzen eta ideia bakoitza nola eszenaratu dezakegun deskubritzen. Izan ere, askotan, nahiz eta ideia jakin bat izan, gerora, oholtzara eramaterako orduan esan nahi dugun hori aldatzen da agian.

M.I.: Sentsazioak eta kontzeptuak gorpuzten saiatu gara. Dena den, orain gauden fase honetan burura datozkigun ideiekin nahi duguna egin dezakegu: guztiak hartu ala bat ere ez. Izan ere, oraintxe bertan ez da pieza bat bere osotasunean. Sei eszena dira zehazki, non ama-alaba harremanekin zerikusia duten hainbat egoera ikusten diren. Lau kontzeptuetatik abiatuta egin dugu lan: erditzea, zaintza, indarkeria eta barkamena.

"Publikoak zer jasotzen duen jakin nahi dugu, transmititu nahi duguna jendearengana heltzen dela ziurtatzeko"

Nolakoa izan da transmititu nahi duzuen hori oholtzara eramateko prozesua?

M.R.: Denetarik izan dugu: blokeoak, argitasun momentuak… Modu naturalean gertatu da dena, espontaneoki. Gainera, ikusi dugu buruan ideia asko izan arren, guztiak ezin direla aurrera eraman, eta batzuetan badaudela baztertu beharrekoak. Asko ikasi dugu dugunarekin aurrera egiten.

M.I.: Hainbat tresna ere erabili ditugu. Adibidez, idazketa automatikoko ariketak egin ditugu, hau da, bi minutuan burutik pasatzen zitzaigun hori guztia idaztea hortik testu bat ateratzeko. Inprobisazioetatik ere atera dugu materiala. Baita ere, elementuen poetikotasuna erabili dugu: ohea, izarak, hariak…

M.R.: Prozesua nahiko fisikoa izan da, eta elementuekin jolasean osatzen joan da, unean-unean.

Faktorian egin duzue egonaldi artistikoa. Zer eskaini dizue espazio honek? Nola sentitu zarete?

M.I.: Espazio hau izatea oso aukera ona izan da. Oso ondo argiztatuta dago eta horrek inspirazioa ere pizten du. Hainbat txoko izan ditugunez, horietan guztietan sortu ahal izan dugu. Materiala eta azpiegiturari dagokienez ere ez zaigu ezer falta izan.

M.R.: Modu askean sortzen ibili gara Faktorian. Espazioa gure etxea bilakatu da eta emaitza borobil eta finko bat lortzeko beharrik eta presiorik ez denez egon gure erritmoan lan egin ahal izan dugu.

M.I.: Etxean sentitu gara eta horrek eragina izan du lan egiteko moduan. Izan ere, eroso sentitu gara, eta askatasunez eta esperimentaziotik sortzen ibili gara, ez azken produktu bat lortzeko helburu finkoarekin.

Gaur bertan egingo duzue entsegu irekia, baina pieza ez dago oraindik bukatua. Zer uste duzue aterako duzuela gaurko saiotik?

M.R.: Guk feedbacka behar dugu, eta eskertuko genuke publikoak ematen badigu. Kanpo begirada hori guretzat aberasgarria izango da. Publikoak zer jasotzen duen jakin nahi dugu, transmititu nahi duguna jendearengana heltzen dela ziurtatzeko. Eta publikoaren iritzia ere baliagarria izango da aurrera begira lana osatzeko.

Etorkizunari begira zer asmo duzue?

M.R.: Orain piezari deskantsatzen utzi nahi diogu, airea har dezan. Baina asmoa da hemendik eta denbora batera berriz ere hartzea eta ondo lotzea, hari bat jarrai dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide