Emaitza esanguratsuak lortu ditu Jesus Baladok bere txakurrekin, Ehiza Bilaketa deritzon jardunean batik bat. “Dena hasi zen nire lehen txakurra erostera joan nintzenean Frankfurtera”, azaldu du amurrioarrak. Setter Gordon bat zen, Sundowner Emporio izenekoa, eta ehizarako baliatzeko eskuratu zuen. Baina, “potentzial handia” zuela ikusita, norgehiagoken munduan murgiltzea erabaki zuen animaliarekin. Arabako eta Euskadiko txapelketetan egin zuen proba, eta biak irabazi zituen.
Orduan, mailaz igo eta nazioarteko probetara egin zuen jauzi. Toledo eta Andaluziara jo zuen lehenbizi, eta Europako gainontzeko herrialdeetan lehiatzeari ekin zion gero, txapeldun izatera iristeraino zenbait modalitateetan. “Nire lehen txakur hura Frantzia, Italia, Espainia, Polonia eta Serbian lehiatu zen eta emaitza paregabeak lortu zituen”, nabarmendu du Baladok. Hainbat kategoria eta sariketetan gailendu zen animalia: Bilatzaile Handia izenekoan, lanarenean, edertasunarenean eta txapelketa dualean.
Emaitzak ikusita, Munichera jo zuen amurrioarrak txakur eme bat eskuratzeko, Latika Vom Eixelberg izenekoa. Bi txakurrak ugalduta jaio ziren Alma de Biaska eta Arco de Biaska txakurkumeak, eta horiek izan dira markarik esanguratsuenak lortu dituztenak. Lehenak 2022an lortu zuen Ehiza Bilaketako Europako txapeldun izatea. Bigarrenak, aldiz, aurten lortu du marka horretara iristea.
Baladok azaldu duenez, Ehiza Bilaketa modalitatean txakurrak bikoteka doaz eper basatien bila. Bizirik topatu eta eraman behar dizkiete euren jabeei. Ondoren, hegaztiak askatu behar dituzte, eta geldi egon behar dira animalia hegaka ateratzen den bitartean. Orduan, jabeek tiro egiten diote hegaztiari, probari amaiera emanez. Baladoren hitzetan, ez dute balarik tirokatzen eta, ondorioz, bizirik ateratzen da eperra. “Oso modalitate jasanagarri eta errespetuzkoa da hegaztiekiko”, nabarmendu du.
Une honetan bi txakurrekin ari da Jesus Balado txapelketetara aurkezten, eta biek lortu dituzte sari eta aitortza ugari Espainiako Estatuko zein nazioarteko topaketetan
Txapelketaren garrantzia
Balado pozik dago lortutako emaitzarekin, “izugarrizko arrakasta” izan dela uste baitu. Izan ere, Europako Ehiza Bilaketa Gordon txapelketa da mota horretako norgehiagokarik garrantzitsuena arraza horretako txakurrentzat. Herrialde bakoitzetik 5 txakur hautatzen dira bertan parte hartzeko, eta Nazioarteko Txakur Federazioko hiru kide aritzen dira epaile lanetan.
Gaur egun sei txakur ditu guztira Baladok. Lehen biak “jubilatuta” daude dagoeneko, 10 eta 13 urte dituztelako. Beste bi ehizan aritzen dira, eta azken biak dira artikulu honetan aipatu diren Arco eta Alma. Etorkizunera begira, “kalitatezko txakurrak hazten” jarraitu nahi du amurrioarrak, animalien “lanean zein edertasunean” jarriz arreta, “modu horretan hondar-ale bat jartzeko txakur-arrazaren hobekuntzan".