Lehenik eta behin, nola sentitzen zarete familian Manuelen kokapena jakinda?
Sentimenduen zurrunbiloa da. Tarteka bake izugarria sentitzen dugu, bereziki nik, baina badaude ere amorru uneak. Izan ere, nire amak, horrenbeste sufritu ondoren, eta bere nebak, ezin izan zuten jakin ezta noiz edo non hil zuten.
Bakarrik zekiten zergatik erail zuten; pertsona ona eta errepublikarra izateagatik. Hori zen zekiten bakarra. Tristura, poztasuna, bakea… Ezin dugu deskribatu, baina bereziki esker ona lagundu gaituen jende guztiarekiko. Euren laguntza gabe ezingo genukeen zauria itxi. Zauria hor dago, baina itxita. Orain entzun behar dugu Oroimen Historikoko Legeak zauriak irekitzeko baino ez duela balio, baina kontrakoa da.
Odolustearekin amaitzea eta norberaren buruarekin bakean bizitzeko balio du. Minaren zama arintzeko modu bakarra da.
“Uztailaren 18an bertan bahitu zuten Manuel. Ez zitzaion bururatu ihes egitea. Ez zen ezertaz beldur, ez zuelako ezer txarrik egin”
Orain zer egin nahi duzue gorpuzkinekin?
Familia osoa nafarra gara, iloba bat kenduta, Argentinan bizi baita. Hortaz, gure asmoa da nire eta bere jaioterrira ekartzea, Alesbesera. Zalantzak ditut. Ez dakit ehortziko dugun bere izena dagoen tokian, herriko gainerako eraildakoekin, edo bere alabarekin lurperatuko dugun.
Zein izan zen Manuelen bizitza?
Nire aitona Nafarroako maistra batekin zegoen ezkonduta eta Alesbesetik joan ziren Bilbora ardo negozio batekin. Ez zuten zorte ona izan horrekin. Nire amamak, edonola ere, lan egin zuen Lamiakon maistra gisa eta gero Saratxora joan zen. Ez dakizkigu arrazoiak zehazki. Dena den, Manuelek harreman estua zuen Unión Republicana alderdia sortu zutenekin eta asko joaten zen Madrilera. Saratxon bizi zirenez, berak hauteskundeetan parte hartu zuen Amurrion eta Foru Aldundiko ordezkaria izatea onartu zuen, Diputatu gisa. Oso alaia zela esaten zuten eta bere emazteak esaten zuen unerik okerrenetan ere ez zuela irribarrea galtzen.
1936ko estatu kolpea gertatu zenean Manuel Gasteizen zegoen, Unión Republicana ordezkatzen Arabako Foru Aldundiaren lekukoa hartu zuen kudeaketa batzordean, ezta?
Nire amonak bi seme-alaba zituen eta bere aita ere berarekin bizi zen. Eurek Saratxon zuten bizitokia, han egiten baitzuen lan maistra moduan. Baina Manuel Gasteizen zegoen, ostatu batean, politika jarraitzeko. Nire ama berarekin zegoen, iraileko errebalidarako prestatzen ari baitzen.
Biak zeuden han. Manuel lanean eta nire ama ikasten. Astebete lehenago argazkia egin zuten laurak paseatzen Gasteizen bertan.
“San Kristobal gotorlekuko espetxera eramango zutela esan ziguten, baina ez zen inoiz heldu Manuel. Desagerrarazi zuten”
Estatu kolpea izan bezain pronto atxilotu zuten.
Uztailaren 18ko gauean ostatura joan ziren bere bila. Kalez jantzitako bi poliziek eskatu zioten eurekin joateko Gobernu Ordezkaritzara. Bera, oso modu inozentean, alaba ohean utzi zuen lotan eta joan zen. Bahitu zuten.
Bere burutik ez zen pasa ihes egitea. Bazekien Franco eta armada matxinatu zirela, baina berak ez zuen ezer txarrik egin eta ez zen ezertaz beldur. Hori gogoratzen zuen nire amak. Berak hamalau urte zituen une horretan.
Zein eragin izan zuen zure amarengan hamalau urterekin egoera horretan geratu izanak?
Nire amak bere bizitzako azken urteetan askotan esaten zuen penaz ez zuela gogoratzen nork utzi zion koltxoi bat bere aitarentzat. Hasieran zoruan, porlanean, egiten zuen lo, ez zuen ezta koltxoirik ere. Larrituta bizi zen ez zuelako oroitzen nork utzi zion arropa… Garai horretan asko sufritu zuen. Bakarrik geratu zen hamalau urterekin uztailaren 18tik urtarrilaren 23ra arte. Egun horretan, Gurutze Gorriaren bitartez, lortu zuten bere familiako osaba batekin eramatea Nafarroara, baina berak ez zituen ezagutzen senide horiek.
Hilabete horietan kartzelara joaten zen janaria eramatera ostatutik. Bere ama hil arte, nire amak papertxo bat zuen, hainbat aldiz ikusi nuen, ezkutatu baitzuen, eta han idatzi zuen nire aitonak, Manuelek: “Izan zaitez beti errepublikar ona”. Hori idatzi zuen eta kazolan sartu zion berarentzat, ezkutuan.
Bizipen lazgarriak neskato batentzat. Gainera, leku arrotz batean egonda, bera ez baitzen Gasteizkoa. Bestalde, nire amak ezin izan zuen Saratxora ekarri, errepublikaren menpe baitzegoen.
“Nire amak hamalau urte zituen eta bakarrik geratu zen Gasteizen. Ezin zuen Saratxora itzuli eta espetxera joaten zen bere aitari janaria eramatera”
Eta Manueli gertatutakoa ez duzue jakin duela gutxi arte.
Nik lortu nuen jakitea duela urte batzuk, baina behin nire ama eta osaba hilda. Printzipioz, agindua zen San Kristobal Gotorlekura eramatea. Hori esan zioten amari, baina kasualitatez, Alesbeseko osabak ezagutzen zuen hango zaindari bat eta berari esker jakin izan zuen ez zirela inoiz heldu. Bazekiten desagerrarazi zutela. Urteak igaro ostean jakin genuen Bayasen hil zutela.
Zure ama Nafarroara joan zen, baina zure amamari oraindik bidaia luzea geratzen zitzaion berarekin batzeko.
Bidaia oso luzea. Nire amamak jakin zuenean bere alaba familiarekin zegoela Nafarroan, onartu zuen Eusko Jaurlaritzako itsasontzia hartzea Ingalaterrara jotzeko. Berak ume talde baten ardura zuen eta Londresen amaitu zuen, haur talde handi batekin eta bere semearekin.
Nire birraitona bakarrik geratu zen Saratxon, Gurutze Gorriak Alesbesera eraman arte. Nire amamak tratu ona jaso zuen Londresen eta Mexikotik Espainiako Gobernuak edo Eusko Jaurlaritzak (ez dakit zehazki), esan zion sumatzen zutela Mundu Gerra berria gertatuko zela, eta hara joatea proposatu zioten, baina bere alabarekin batzeko hautua hartu zuen.
Senide berdinak hartu zituen etxean: bere semea, bere alaba eta nire birraitona. Ez zeukaten ezer, Londresetik ekarritako maleta txikia baino ez.
Bizitza arrunta egiteko aukera izan zuen?
Ez, eskatu zuen berriro klaseak ematea eta aukera hori ukatu zioten. Zenbait urte igarota, berriro eskatu zuen eta ezezkoa eman zioten. Hirugarren aldian, Gasteizen eskaera egin ordez, Madrilera joan ziren, Hezkuntza Ministroa ezagutzen baitzuten nire amamaren ugazabek. Aristokratak ziren eta nire amamak eurentzat lan egiten zuen, etxe-andereño gisa. Eurek eraman zuten Madrilera. Horri esker eman zioten maistra plaza berriro, baina debekatu zioten edozein ardura izatea edo zuzendari izatea eta ezin zuen Araba zapaldu bost edo sei urtetan.
Hori nahiz eta Alesbeseko falangisten buruzagiak txosten onak egin bere alde. Dokumentu horiek nik dauzkat eta esaten dute katolikoa zela eta ez zuela inoiz ezer txarrik egin. Berez, Saratxoko eliza erretzen saiatu izana leporatzen zioten. Bizitza oso gogorra izan zuen. Oso emakume isila bilakatu zen.
Nolako eragina izan zuen horrek zuen bizitzan?
Nik gogoratzen dut etxean Francori buruz hitz egiten zutenean, esaten zidatela nire osaba zela, etxetik kanpo ez nezan ezer kontatu. Herriko hainbat gizon ziren nire osabak, eta asko maite ninduten, hortaz, ez zitzaidan arrotza egiten.
Baina, hori dela medio, ezagutu nuen nik Donostian zer den beldurra. Udan eraman ninduten hara oporretan, aipatutako aristokraten etxera. Paseoan joan ginen eta jende ugari agertu zen. Nire amamak galdetu zien ea zer gertatzen zen eta erantzun zioten Franco hortik igaroko zela, hara joaten baitzen oporretan. Amama dardarka hasi zen eta nik ez nuen ulertzen zergatik emakume hain lasaia horrela jartzen zen. Beldur hutsa zen eta handik joan nahi zuen, baina nik, uste nuenez Franco nire osaba zela, hasi nintzen oihuka geratzeko asmoa nuela, dirua eta litxarreriak emango zizkidalakoan. Horrenbeste tematu nintzen eta hain zalaparta handia sortu nuen, ezen polizia batek behartu baitzuen nire amama lehen lerroan egoten Franco igaro bitartean. Dardarka egon zen etengabe. Nik ez nuen ulertzen zergatik jartzen zen horrela emakume horren lasaia. Gero ulertu nuen.
Nola egin zuen aurrera zure amamak?
Erriberako herri txiki batera joan zen klaseak ematera eta gero Alesbesera itzuli zen, erretiroa hartu zuenean, nire amarekin bizitzera. Dena den, min handia sortzen zion nire osaba Argetinan bizitzeak. Oso ausarta izan zen eta Argentinara joan zen zenbait hilabetez, osabarekin eta ilobarekin egoteko, nahiz eta nagusia izan.
Nola lortu zenuten argitzea non zegoen Manuelen gorpua?
Urteak eman genituen bila eta Facebooken topatu genuen testu bat, non Jesús Pablo Domínguez Varonak azaltzen zuen gertatu zen. Gero nire aitonarekin batera erail zuten beste lagunen senideekin jarri nintzen harremanetan.
Ondoren, Nafarroako Gobernuari azaldu nion gure kasua eta adierazi ziguten ezin genuela esku hartu nire aitona Arabako Diputatua zelako, eta bera Gaztelan hil eta ehortzi zutelako. Gauzak horrela, nire alaba harremanetan jarri zen Miranda de Ebroko Udalarekin. Nafarroako Fusilatuen Senideen elkarteko presidentea da eta birbiloba gisa idatzi zien eskutitza. Erantzun ona jaso zuen.
Udalak lortu zituen hilerriko giltzak eta hango oroimen historikoko elkarteari jakinarazi zioten egoera. Miranda de Ebroko Udalak ordaindu zuen desobiratzea eta gorpu pilo atera zituzten. Aranzadi Zientzia Elkartera bidali zituzten eta DNA laginak eman genizkien.
Hala ere, Aranzadik esan zigun DNAk ez zuela bat egiten inorekin. Duela hilabete gutxi Gogora Institutuak deitu zigun, jakiteko beste hurbileko senide bat genuen, DNA lagina emateko. Nire ahizpak eman zuen eta horri esker identifikatu dute aitona.
“Nik beldur handiz bizi dut eskuin muturraren erasoaldia Oroimen Historikoaren Legearen kontra. Eskuin muturra oso arriskutsua da, oso krudelak baitira. Gutxi izanda ere, min handia egiteko gai dira”
Derrigorrezkoa da, egungo egoeran, galdetzea nola bizitzen ari zareten eskuin muturraren erasoaldia Oroimen Historikoaren Legearen kontra.
Nik beldur handiz bizi dut. Oso nagusia naiz eta, besteek garrantzirik eman ez arren, nik uste dut eskuin muturra oso arriskutsua dela, izugarri krudelak baitira. Ez dut batere mespretxatzen gutxi izatea, gutxi izanda ere, min handia eragiteko gai dira eta. Ez nago oker. Nik ez dakit nola ikusten duen nire alabak, berak azaldu dezan.
Amaia Lerga (Maria Jesusen alaba eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteko presidentea): Eskuin muturra proposatzen ari den konkordia legea iraina da oroimen historiko eta demokratikoaren kontra. Beti dago indar atzerakoien bat erantzuten duena egiten diren urratsen kontra eta gure elkartasuna adierazi diegu Espainiako Estatuko beste lurraldetan funtzionatzeari utzi dioten Oroimen Historikoko Institutuei.
Denbora igaro da eta belaunaldi oso bati, gerrako umeei, ez zaie helduko aitortza ezta erreparazioa ere. Horregatik, iraingarritzat jotzen dugu. Horrez gain, badago arriskua historia eta Frankismoa manipulatu eta estatu kolpea zein bere errepresio sistematiko eta odoltsua zuritzeko.