JAVIER LOPEZ PEREZ

“Lankideek hautatu ninduten Olinpiar Jokoetako lastargia eramateko, nik ez nuen nire burua aurkeztu”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko uzt. 9a, 09:18

Kirola eta elkartasuna uztartu ohi ditu Javier Lopez Perezek. / Aiaraldea.eus

JAVIER LOPEZ PEREZ (Amurrio, 1971) Bridgestone enpresako langilea da eta horri esker Olinpiar Jokoetako lastargia eramango du ostegun honetan. Aukera hori nola sortu zaion azaldu du.

Olinpiar Jokoen lastargia eramango duzu 200 metrotan, nola sortu zaizu aukera?

Ni Bridgestone enpresako zerbitzu medikuen arduraduna naiz Basaurin. 1.000 langile inguru daude eta artatu ez ezik, fisioterapia, erizaintza edo nutrizio atalak ere kudeatzen ditut. Konpainia da Olinpiar Jokoen babesle ofiziala eta duela urte eta erdi bidali zizkiguten mezuak galdetzeko ea nortzuk geunden prest laguntzeko Parisen, jokoek iraun bitartean. Hor hasi zen abentura. Nik eman nuen izena, hainbat jendek egin zuen moduan. 

Horrela sortu zen lehen harremana. Handik eta hilabete gutxira mezu elektroniko gehiago bidali zizkiguten, enpresak bazuelako aukera lastargia zenbait tartetan eramateko. Hori egiteko hautatua izan behar zinen eta Basaurin (han dago nire lanpostua) ni hautatu ninduten. 

Lankideek egin zuten. Nik ez nuen nire burua aurkeztu eta ez nuen ezta pentsatu ere. Ez nekien zehazki zeintzuk ziren bozketaren irizpideak.

Asko izango zarete Bridgestoneko langileak Olinpiar Jokoetan?

Guztira, uste dut hogei garela. Estatu Espainiarreko bi, Madrilgo bat eta biok. Uztailaren 10ean Auxerren egongo gara eta 11n hartuko dugu lastargia. Korrika egingo dugu, ez oso azkar, eta hartuko dugu lastargia eta hurrengoari emango diogu.

Egun berean azalduko digute dena ondo eta jantzi ofiziala eramango dugu, Olinpiar Jokoena, alegia.
Baldintzak jarri dizkizuete horretarako guztirako?

Polizia erregistroak begiratu dituzte, eta sinatu behar izan dugu soilik arropa ofiziala jantziko dugula, eta ez diegula gure buruei argazkiak edo bideoak egingo. Baldintza ugari dago. Berez, nahiko zurruna da. Eguna eta ordua eskaintzen dizute, eta ezin baduzu, beste batek egingo du, ez dute aldaketarik egiten.

Nola bizitzen ari zara esperientzia?

Ezustean harrapatu ninduen. Boluntario aritzeko nik eman nuen izena eta betidanik izan dut gogoko kirola eta laguntzea. Esaterako, AEFAT, SD Zamudio eta Amurrio Traileko laguntzailea naiz. Pandemian ere ekarpena egin nuen eta gogoko dut, kirolarekin harremana badu, are gehiago.

Bestalde, medikua naizenez, suposatzen nuen puntu gehigarriren bat izango nuela. Ez dakit mediku gisa joango naizen, ze antolakuntzak badauzka.

Boluntario gisa aritzea duzu buruan oraindik?

Bai, bai, uztailaren 27an joango naiz, abuztuaren 10era arte. Aniztasun funtzionala duten herritarrak lagundu, kirolariak ere lagundu… Uste dut hori egingo dudala. 

Jadanik bidali digute lanen banaketa, zein egun ditugun atseden hartzeko… Bridgestoneko hirurogei boluntario joango gara. Ni piraguismo eta arraunketa egoitzan egongo naiz. 

"Nik uste dut nire lana aintzat hartu ez ezik, zenbait elkartetan laguntzen dudala ere kontuan hartu dutela. Bereziki, AEFATen. Maratoietan bultzatu ditut aulkiak eta uste dut hori interesgarria dela"

Zu hautatzeko arrazoietako bat izan da Olinpiar Jokoen balioekin bat egiten duzula.

Bai, nik uste dut nire lana aintzat hartu ez ezik (lankideen osasuna zaintzeko ahal beste egiten dugu), zenbait elkartetan laguntzen dudala ere kontuan hartu dutela. Bereziki, AEFATen. Maratoietan bultzatu ditut aulkiak eta uste dut hori interesgarria dela.

Zer espero duzu bizipenaren aldetik?

Ezohiko zerbait bizitzea da nire asmoa. Inoiz ez dut parte hartu Olinpiar Jokoetan eta oso gogoko dut gimnasia eta atletismoa ikustea. Ez dakit itzuliko naizen, baina hau topera biziko dut.

Kirola egiten duzu?

Bai, zalea naiz. Mendira joaten naiz, noizean behin lasterketetan parte hartzen dut. Kirola eta elkartasuna da nire lotura. Oso polita da. 

Saiatzen gara bost maratoi egiten urtero AEFATekin: Donostia, Valentzia, Madril, Sevilla eta Bartzelona. Hamabost korrikalari joaten gara AEFATekin eta umeen aulki gurpildunak bultzatzen ditugu ibilbide osoan. 
Hori da nire lana gehienbat. Familiekin egoten gara eta giro horretan gaude. 

Niretzat bizitza irakaspena da asteburu bakoitza eurekin. Guretzat eguneroko arazoak direnak, euren arazoen alboan oso erlatiboak dira.  Haurrak oso hunkituta daude, errutinatik ateratzen dira eta. 

Baliogarria izango zaizu eskarmentu hori Olinpiar Jokoetan?

Uste dut baietz, ikusita zer nolako ardurak izango ditudan. Laguntzea, elkartasuna eta kidetasuna dira sari handia berez. Are gehiago Olinpiar Jokoetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide