Amurrioko Udalean dagoen "iruzurrezko kontratazioaren arazoa" azaleratu du aste honetako epaiak, sindikatuen aburuz

Aitor Aspuru Saez 2024ko uzt. 12a, 16:00

Amurrioko Udaleko langileen mobilizazioa./ Aiaraldea

LAB, ELA eta ESAN sindikatuek oharra plazaratu dute positiboki baloratzeko Beharra enpresako langileen epaia. Aste honetan Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak frogatutzat jo zuen "autonomo faltsuak" zirela.

Aste honetan Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak ebatzi du Beharra enpresako langileak -Mendiko Eskolako, frontoiko eta Reforreko kirol azpiegituren mantenuko arduradunak- "autonomo faltsu" gisa lan egiten dutela Amurrioko Udalarentzat.

Gaur tokiko erakundean ordezkaritza duten sindikatuek oharra plazaratu dute adierazteko mugarri bat dela epaia lan harremanei eta eskubideei dagokienez. Antolakundeen ustez, epaileek azaleratu dute iruzurrezko kontratazioaren arazoa Udalean.

Oharrak adierazi du epaileek berretsi dutela beharginek eta Udalak lan harreman formala zutela, ez zirela azpikontratatutako autonomo hutsak: "Aitorpen horrek esan nahi du langileek eskubidea dutela lan-legeriak ezarritako babes neurriak eta onurak jasotzeko, hala nola gizarte-segurantza, ordaindutako oporrak eta langile formalei aplikatzen zaizkien beste lan-eskubide batzuk".

Halaber, LABek, ELAk eta ESANek begi onez ikusi dute langile mugagabe ez-finko gisa sailkatu izana epaitegiak: "Epaiaren funtsezko puntuetako bat da langileak mugagabe ez-finkoak direla aitortzea eta pertsona bakoitzaren antzinatasuna errespetatzea (32, 7 eta 6 urte,
hurrenez hurren). Izendapen horrek, langile finko bihurtzen ez baditu ere, lehen ez zuten lan-egonkortasuna ematen die. Urrats hori funtsezkoa da langileek beren lanbide-kategoriarekin bat datorren konpentsazio justua jasoko dutela bermatzeko".

Amurrioko Udalaren onarpena

Gainera, epaileen beste gako bat izan da orain arteko lan harremana iruzurtzat jo dutela eta LAB, ELA eta ESANen arabera, Amurrioko Udalak helegitea jarri ez izana bada arazo hori onartzeko modu bat, baina ez dela nahikoa ere uste dute: "Erantzukizunaren onarpen gisa interpreta badaiteke ere, egoera hau pairatu duten langileen lan-
egoera konpontzeko eta erregularizatzeko bidean, aurrerapausoak emateko premia ere islatzen du, baita udal kontratazio publikoan egon litekeen edozein irregulartasun berrikusteko eta zuzentzeko premia ere".

Azkenik, langileekiko hartu beharreko neurriak azpimarratu dituzte: "Epaiak azpimarratzen du langileei beren lanbide-kategoriaren arabera ordaindu behar zaiela, eta antzeko eginkizunak dituzten beste udal-langile batzuen soldata baliokidea jaso behar dutela. Puntu horrek soldata-ekitatearen eta egindako lanaren bidezko aitorpenaren garrantzia nabarmentzen du. Langileek, laneko segurtasuna ez ezik, bidezko ordainsaria ere merezi dute, beren erantzukizun eta
trebetasunekin bat datorrena".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide