Amukatu elkarteak jakinarazi du ezezagun batek pozoia utzi zuela kudeatzen duten Landako auzoko katuen kolonian. Hain zuzen, animaliak elikatzeko baliatzen duten lekuan agertu zen. Zorionez, Amukatuk uste du ez dela animalarik hil pozoituta.
Elkarteak jakinarazi du lehen aldia dela horrelakorik gertatzen dela kokapen horretan, hortaz, momentuz, ez dutela salaketa tramitatu Ertzaintzan. Dena den, gertakaria errepikatuz gero, poliziarengana joko dute horren egiletza argitzeko.
Halaber, Amukatuk salatu du pozoia utzi duenak ez duela ulertzen zein den elkartearen lana: "Guk ere ez dugu nahi katurik egotea kalean, eta egonez gero, ahalik eta gutxien egotea eta kontrolaturik. Izan ere, jateko toki bat ez badute, udalerritik zabaltzen dira eta katuen kopurua mugatzea askoz zailagoa da horrela".
Izan ere, gogoratu beharra dago Amukaturen jarduera ez dela bakarrik katuak elikatzea. Hain zuzen, harrapatu eta esterilizatzen dituzte, ugalketa ekiditeko.