Urteak daramatza Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak egitarau propioa antolatzen eta aurten ere ekintza zaparrada prestatu du. Udalerriko herri mugimenduko hainbat eragile dira batzordearen parte: Jai Kuadrillak, Ernai, Mendiko Lagunak taldea, Otsemeak taldea eta Amurrioko Gazte Asanblada.
Abuztuaren 10etik 17ra luzatuko da Jai Herrikoien egitaraua; izan ere, nahiz eta Iguarrakoa abuztuaren 12an, astelehenean, helduko den Amurriora, aurreko larunbatean ekingo diete haiek jaiei.
Jai herrikoien aldeko eguna
Abuztuaren 10ean, beraz, jai herrikoien aldeko eguna ospatuko dute amurrioarrek. Goizetik hasiko da paella txapelketa parkean eta irabazleak iragarri ondoren kozinatutakoa bazkalduko dute parte hartzaileek. Kontzertuak hasiko dira bazkalostean, eta musikak girotuko du parkea gauera arte, Andoni Oilokiegi eta Zazpizar erromeriaren eskutik. Gauean, aldiz, herriko DJ Truetox eta Kitto! egongo dira gazte karpan.
Jaietan luzatuko dira ekintzak
Egitarau anitza prestatu dute Batzordeko kideek, eta aurten ere parkea izango dute erdigune. Kontzertuek eta DJ saioek hartuko dute protagonismoa astelehenetik asteazkenera, eta horien artean nabarmendu daitezke Etxepe taldearena, Desi eta Presi DJena edo eskualdeko Jotake erromeriarena.
Dena den, musika ekartzeaz gain, beste mota bateko ekintzak ere antolatu dituzte, eta besteak beste, jai kuadrillen bazkaria eta, iluntzean, odoloste jana egongo dira asteazkenean; eta ostegunean, errepresaliatuen aldeko elkarretaratzea eta Babiora igoera (umeentzat zein helduentzat). Larunbat iluntzerako txosnagunearen desmuntaia deitu du Batzordeak.