Hainbat ekintza prestatu ditu Euskotarrak jai-kuadrillak Amurrioko jaietako txupinazo egunerako, abuztuaren 12rako, hain zuzen ere. Goizetik eta arratsaldera arte luzatuko da egitaraua, eta bazkaria izango da ekintza nagusia. Gainera, 60. urteurrenaren aurreko bazkaria dela iragarri dute euren sare sozialetan, eta beraz hitzordu garrantzitsu horretarako prestatzeko baliagarria izango zaie.
Bazkaltzeko ordua heldu baino lehen, ordea, goizetik ekingo diote prestatutako egitarauari: 11:00etan hasiko dira poteo musikatuarekin, eta Frontoi tabernatik abiatuko dira; ondoren, kuadrillen aurkezpena egingo dute, eta 13:30ean elektrotxaranga egongo da.
Belaunaldien arteko bazkaria
14:45ean helduko da udal pilotalekuan belaunaldi guztiek elkarrekin bazkaltzeko ordua. Bertan parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharra dago, uztailaren 31 baino lehen, gurdiak prestatzeko aparkalekuan. Bazkaria ordaintzeko, transferentzia egin behar da Laboral Kutxan, ES07-3035 0089 10 0890056974 kontu-korronte zenbakian: 18 € ordainduko dituzte 16 urtetik beherakoek eta 22€ 16 urtetik gorakoek, eta edalontzia prezioaren barne dago.
Bazkaria eta gero Juan Urrutia plazara hurbilduko dira, 19:00etan, Iguarrakoa heltzen ikustera. Behin jaiak hasita horiek ospatzen hasi eta euren egitarauari emango diote bukaera, zurrakapote eta elektrotxarangarekin.