Jaien egitaraua aurkeztu du Amurrioko Udalak

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 29a, 13:42

Amurrioko jaien egitarauaren aurkezpena egin dute Udaletxean. / Aiaraldea.eus

110 jarduera programatu dira gustu eta adin guztietarako, eta aurten herriko eragileen jarduera guztiak sartu dira udalaren programazioan, lehen aldiz. Bestalde, Hodeilargi elkartearentzat izango da 12ko eta 14ko kontzertuetan jarriko den txosna solidariotik bildutako dirua.

Bi aste barru hasiko dira Amurrioko jaiak. Hain zuzen ere, abuztuaren 12tik 17ra bitartean izango dira, eta Udalak jaien egitaraua aurekztu du jadanik. Handi eta txikiek musikaz, kale antzerkiez, kirol-jarduerez, ohiko karroza lehiaketaz eta gastronomia txapelketez gozatu ahal izango dute, besteak beste. 110 jarduera programatu dira guztira, eta herriko eragile guztien jarduerak sartuko dira Udalaren programazioan, lehen aldiz.

Jaiak hasi aurretik, abuztuaren 3an, santuaren jaitsiera egingo da San Roke ermitatik Santa Maria parrokiara. Gainera, hainbat jarduera egingo dira aurretik, larunbatean, hilak 10, eta igandean, hilak 11. Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak antolatutako paella lehiaketaz gain, berrikuntza gisa aipatzekoa da igandean, marmitako lehiaketaz eta futbol partida tradizionalaz gain, uretako jokoak berreskuratuko direla, eta udako zinema egongo dela udal igerilekuetan.

Txupinazoaren egunean, eguerdian, elektrotxaranga bat egongo da kuadrillen aurkezpenaren ondoren, bazkalaurreko poteoa animatzeko. Pregoia, Raisa Alavaren eskutik, abuztuaren 12an izango da, astelehenean, 18:00etan, eta plazako megafoniatik entzun ahal izango da. 19:00etan, aldiz, Amurrioko jaiei hasiera emango dien txupinazoa botako da.

Musika-emanaldiak funtsezkoak dira jaietako programazioan, eta aurten ere musikaren aldeko apustua egin du Udalak. Abuztuaren 12an, Streetlight, Oxabi eta DJ Varro arituko dira. Abuztuaren 13an, haurren eta adinekoen egunean, Sembrando Kaos, Etxepe, Biziraun Erromeria eta DJ Desi eta Presi arituko dira Txosnagunean, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak antolatuta. Abuztuaren 14an, Kuadrillen egunean, Puro Relajo, Jotake Erromeria, ETS eta DJ Blessivek joko dute orotara. Beranduegi erromeria izango da protagonista abuztuaren 15ean, Andre Mari egunean, eta Mi gran noche taldea eta Akerbeltz erromeria 16an, San Roke egunean. Kresala erromeriarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak, hilaren 17an.

Txosna solidarioa, Battenen gaixotasunaren aurkako borrokan

Txosna solidarioa jarriko da abuztuaren 12an eta 14an egingo diren kontzertuetan, Juan Urrutia plazan. Bertan bildutako dirua Ugaoko Hodeilargi-rentzat izango da, Battenen gaixotasunaren aurkako borrokan diharduen elkartea. Hodei eta Ilargi dira Euskal Herri osoan gaixotasun arraro hori duten pertsona bakarrak, eta gaitzaren ikerketan laguntzea da elkartearen misioa, sendabide posible bat bilatzea, terapiak ordaintzen laguntzea (fisioterapia, igerilekua, errehabilitazioa...), autoa eta etxea egokitzea bezalako gastuak estaltzea, eta, jakina, gaixotasuna ikusaraztea.

Txosna solidarioa jarriko da abuztuaren 12an eta 14an egingo diren kontzertuetan, Juan Urrutia plazan

Eraso matxisten aurrean, protokoloa

Jaietan zehar hainbat baliabide egongo dira eraso matxistei aurre egiteko. Informazio-telefono bat egongo da eskuragarri 24 orduetan, erasoen berri emateko, eta kartelak jarriko dira tabernetan, txosnetan eta beste leku estrategiko batzuetan, eraso matxistak identifikatzeko eta horien aurrean jarduteko moduari buruzko informazioa emateko. Udaletxean olana bat jarriko da aipatutako telefono zenbakiarekin, eta erasorik gabeko jaiak sustatzeko liburuxkak banatuko dira, baita txapel eta pegatinak ere, kontzientziazio mezuekin. “Puntu morea” ere egongo da abuztuaren 10, 12, 13, 14, 15 eta 16an, 19:00etatik 22:00etara. 14an, berriz,  21:00etatik 24:00etara egongo da. Aurten, lehen aldiz aritu da Udala udalerriko eragile feministekin elkarlanean.

Herri-jarduerak

Jaiak berezi egiten dituztenak koadrilak dira. Hain zuzen ere, abuztuaren 14an Kuadrillen eguna ospatuko da. 17:00etan goitibeheren jaitsiera berreskuratuko da Euskal Koparen Federazioarekin elkarlanean. Gauzak hala, Euskal Kopako egutegi ofizialaren barruan kokatuko da proba eta, beraz, puntagarria izango da. Paraleloki, kuadrillen lehen kopa egingo da, eta talde bakoitzeko bi kidek parte hartuko dute. Halaber, egun horretan, 19:00etan, Bilbao Athleticen futbol partida izango da, Alaves B-ren aurka. Odoloste parrillada egongo da jarraian, eta Kolpez blai batukadak girotuko du. 

Eraso matxistak salatzeko 24 orduko telefono zerbitzua egongo da jaietako egun guztietan zehar

Abuztuaren 15ean, berrikutza bezala, erraldoien topaketa egingo da udalerrian. Lau udalerrietatik iritsitako 16 erraldoik alaituko dute eguerdiko poteoa. Arratsaldean, berriz, euskal dantzen ohiko emanaldia egongo da aurten 40 urte betetzen dituen Aiara Dantza Taldearen eskutik. Ondoren, dantzan jarraitzeko aukera egongo da, Patxi Perezen eskutik. Berrikuntza moduan, dantza bertikalaren ikuskizuna egongo da udal-pilotalekuan.

Abuztuaren 17an, larunbatean, enduro txapelketa egingo da Bañuetaibarreko zelaietan. Aurten jaia ez da Iguarrakoaren agurrarekin amaituko, aurretik Albina Stardust & Divina Comedia ikuskizuna egongo baita, eta arestian aipatutako Kresala erromeria gero.

Aurten ere egongo da kale-antzerkiaren kalitatezko eskaintza, Mendiko, Lucas Rey eta Felix Murga kaleen arteko plazan. Toki hori erabiliz, jaien eskaintza deszentralizatu nahi izan dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide