"Euskara sustatzeko pauso garrantzitsua" eman dute Amurrioko Txosnaguneak eta Kirol Elkarteen Elkartasun Txosnak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ohar baten bidez zabaldu duenez.
Bi eragileek hizkuntza irizpideak ezarriko dituzte Amurrioko Jaietan jarriko dituzten txosnetan, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! ekimenarekin bat eginez. Hainbat neurri hartzera konprometitu dira: txanda guztietan behintzat pertsona euskaldun bat egongo dela bermatzea, lehen hitza euskaraz egitea, errotulazioa euskaraz jartzea edota musikaren %65a gutxienez euskarazkoa izatea, besteak beste.
Amurrioko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak ere ekarpen garrantzitsua egin du aurten, Euskalgintza Kontseiluaren aburuz. Eragile hori osatzen duten elkarte eta jai taldeek egitaraua Euskararen Semaforoarekin etiketatzea erabaki dute, euskaldunei hizkuntza aukeren berri emanez eta euskarari ikusgarritasuna eskainiz. Euskalgintza Kontseiluak, gainera, azpimarratu du urterik urte programazioan euskararen presentzia areagotu egin duela herri mugimenduak.
Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! ekimena
Apirilaren 25ean aurkeztu zen Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! ekimena. Xedea da euskararen erabilera eta presentzia jaien testuinguruan bultzatzea eta horretan bat egin dute eskualdeko 6 udalek: Urduñakoak, Orozkokoak, Arrankudiaga-Zollokoak, Aiarakoak, Artziniegakoak eta Laudiokoak.
Egitasmoa Arabako Foru Aldundiko eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zerbitzuei ere aurkeztu diote, eta hauek "interes handiz" jaso dute proposamena, Euskalgintza Kontseiluak nabarmendu duenez. Araban jada beste herri batzuetan landu dute eta ziurra da Aiaraldetik kanpo ere gauzatuko dela. Bizkaiko kasuan, bertako herrientzako aurkezpen bat egingo dute irailean, Aldundiak eskatuta. Amurrion berriz, herri mugimenduaren eskutik garatu da ekimena, Udalak ez baitu bat egin proposamenarekin.