XABIER CUADRA

"Lagun berriak egin ditut eta ohitura berriak ikusi ditut, Perukoekin alderatuta ezberdinak direnak"

Erredakzioa 2024ko abu. 1a, 18:00

Xabier Cuadra hilabete egon da Euskarabentura proiektuaren baitan Euskal Herria oinez zeharkatzen. / Aiaraldea.eus

XABIER CUADRA (Amurrio, 2008) lau urte zituenean joan zen Perura, bere amaren lurraldera, bizitzera. Euskal Herrira behin baino gehiago etorri da oporretan, baina aurten Euskarabentura proiektuan parte hartzeko aukera izan du. Esperientzia horri buruz eta Euskal Herriarekin duen harremanari buruz mintzatu da.  

Nola mantendu duzu harremana euskararekin hain urrutitik? Maiz etortzen zara Euskal Herrira? 

Batzuetan opor luzeetan etortzen naiz, Perun klaserik ez dudanean. Baina aitarekin beti hitz egin izan dut euskaraz, inoiz ez erdaraz. Berarekin hitz egiteagatik mantentzen dut urtean zehar. Nire anaiarekin ere batzuetan euskaraz aritzen gara, baina bestela, ia ezer ez.  

Nolakoa izan da Euskarabenturako esperientzia? 
Oso polita izan da. Jende gehiago eta euskalki ezberdinak ere ezagutu ditut. Ez nituen euskalkiak ezagutzen, euskara batua baino ez nekien. Lagun berriak egin ditut eta ohitura berriak ikusi ditut, Perukoekin alderatuta ezberdinak direnak.  

Zein une oroituko duzu betiko? 
Uste dut agur esateko momentua oroituko dudala betiko. Azken finean, hilabete pasa dut lagunekin dena egiten: jaten, lo egiten... eta zaila da horren ostean bakoitza bere etxera joan behar izatea. Baina baita ere gogoratuko dut lehenbizikoz hitz egin nuenean haiekin, eta batzuetan ez nituela euskalkiak ulertzen. 

Aitak eman zidan Euskarabenturaren berri, amari erakutsi nion eta ideia ona iruditu zitzaidan izena ematea.

Euskarabenturan ezagututako pertsonekin harremana mantenduko duzu? 
Bai, sare sozialen bidez mantenduko dugu harremana. Beraz, Euskal Herrira bueltatzen naizenean, ahal dudana egingo dut haiekin elkartzeko, nahiz eta batzuk gertu eta beste batzuk urrun egon.  

Zure Peruko lagunek zer esaten dizute?
Ez dute askorik esaten. Perun Euskal Herria ez da oso ezaguna, eta batzuek ez dakite zer den edo non dagoen. Baina ni ezagutarazten saiatzen naiz, Euskal Herria zer den eta nolakoa den kontatzen diet. Baina haiek berez Europa, Frantzia eta Espainia ezagutzen dute gehien bat. 

Nolakoa izan da talka kulturala?
Nabaritu dut hemen jendeak egiten duela euskara bultzatzeko ahalegina. Perun ere badago hizkuntza gutxitu bat: kitxua. Baina pixka bat ahaztuta dago, eta ez da asko bultzatzen, jendeak amore eman duela dirudi. Hemen oraindik ere aurrera jarraitzen dute. 

Zein da kitxuaren egoera gaur egun? 
Nire inguruan ez da asko hitz egiten. Badago oraindik kitxuaz hitz egiten eta mantentzen duen jendea. Baina ez dirudi asko bultzatu nahi denik, esate baterako, eskolan, astean ordubetez bakarrik da derrigorrezkoa kitxua ikastea, eta jendeak obligaziotzat hartzen du. Leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago mintzatzen da jendea kitxuaz. Sare sozialetan, esaterako, asko nabaritzen da, eta ezberdin ikusita dago sozialki nork hitz egiten duen kitxua eta nork ez.  

Nola lortu duzu Euskara Abenturan parte hartzea? Nolakoa izan da prozesua?  
Ni Perun nengoela ez nintzen enteratu, nire aitak eman zidan horren berri. Informazio gehiago irakurtzen hasi nintzen, nire amari erakutsi nion eta ideia ona iruditu zitzaidan. Parte hartzea lortzeko prozesuan, hiru gai zeuden eta modu ezberdinetan aurkeztu zitezkeen gaiak. Nik “emakumea eta kirola” aukeratu nuen, eta testu bat egin nuen emakumea eta kirolaren gaia nola garatu den azaltzen.  

Zer kontatu zenuen lan horretan? 
Hasierako Joko Olinpikoetatik abiatu nintzen, eta azaldu nuen nola hasieran emakumeek ezin zuten parte hartu eta gero, pixkanaka-pixkanaka hasi ziren ere bertan egoten, nola konturatu ziren emakumeek ere kirola egin zezaketela, agian beste modu batean, baina egin zezaketela. Garapena kontatu nuen, ordutik gaur egunera arte. Denbora nahikotxo hartu nuen hori egiteko. 

Nik hemen, Euskal Herrian, irudikatzen dut nire burua.

Ezberdintasun handiak nabaritu dituzu hemengo eta hango nerabeen artean? 
Ez nuke esango ezberdintasuna handia denik. Baina bai ikusi dut hemen lagun taldeak agian itxiagoak direla han baino. 

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua? 
Nik hemen, Euskal Herrian, irudikatzen dut nire burua. Biak ditut gustuko, Perun familia daukat eta hemen ere bai, baina leku bezala Euskal Herria gehiago gustatzen zait, politagoa eta zainduagoa iruditzen zait. Gainera, beti esan dut Perun garrantzia handiagoa ematen ziola sektore pribatuari: osasungintzari, unibertsitateari... Hemen publikoak ere garrantzia dauka, eta han baino gehiago zaintzen dute, ikusi dudanagatik. Adibidez, Perun medikamentu batek balio 400 sol balio ditzake, 100 euro izango litzatekeena, eta hemen 3 edo 4 euro balio ditu. Unibertsitate ikasketak egitera ere hona etorri nahiko nuke. Beti izan dut hori buruan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide