
Ate joka daude Amurrioko jaiak, eta horien barruan mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako gune bat jarriko duela iragarri du Udalak.
Hortaz, Juan Urrutia plazan egingo diren kontzertu eta ikuskizunetan “irisgarritasun egokia eta esperientzia osoa” bermatuko direla adierazi du tokiko erakundeak. Zehazki, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren sarreran egongo da egokitutako espazioa.
Inklusioa eta irisgarritasunaren ildo horretan, badaude ere jaietan hartuko diren beste neurri batzuk. Esate baterako, egunero, 17:30etatik 18:30etara, hipersentsibilitate sentsoriala duten pertsonen mesedetan, ez da ez musikarik ezta argi deigarririk egongo.
Era berean, pirotekniaren erabilera murriztuko dutela ere adierazi du Udalak, horrela, animaliengan eta gizarteko kolektibo sentikorrenetan “sortzen dituen arazoak murrizteko”.