"Amurrioko jaietako gauzarik bereziena kuadrillak dira"

Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 17:00

ANE SAENZ Amurrioko El Boli kuadrillako aurtengo ordezkaria da. Jaiei buruz mintzatu gara berarekin eta bere momenturik gogokoenak zein aurtengo aurreikuspenak kontatu dizkigu.

Zein da jaietako egunik onena?

Niretzat jaietako egunik onena 14a da, Kuadrillen Eguna. Beti primeran pasatzen dut egun horretan, batez ere kuadrilla guztiekin egiten den bazkarian, baina txupinazoa eta karrozen eguna ere gogo handiz espero ditudan egunak dira.

Egitarauko zer ekintzetarako zaude gogotsuen? 

Niretzat aurten goitibeherak, hainbat urte pasa baitira ekintza hau ospatu gabe. Amak kontatu dizkidan pasadizoei esker, itxaropen handia dut ekintza honi dagokionez. Gogo handia dut aurten nola doan ikusteko, ea irabazten dugun.

Zergatik erabaki zenuen El Boli kuadrillan sartzea?

Kuadrilla honetan sartu nintzen jende berria ezagutzeko eta karroza eta jaietan modu aktiboagoan parte hartzeko gogo handia nuelako. Gainera, lagun bat nuen kuadrillan, beraz, errazagoa izan zen. Aukeraketa hori egokia izan da, jendea bikaina da eta oso giro ona dago kuadrillako guztion artean. Ezin ninteke harroago egon haiek ordezkatu ahal izateaz.

Zeri buruzkoa izango da aurten zuen karroza? Zergatik gai hori?

Gure aurtengo gaia zirkua da. Kuadrilla guztiek bezala, jende guztiak bere ideiak aurkezteko eta gustukoen zuena bozkatzeko deia egin zen aspaldi.  Greziar gaiekin karroza egiteko zorian egon ginen, baina erabaki genuen zirku bat egiteak aukera gehiago ematen zizkigula dekorazio polit bat egiteko eta jende gehiagok parte hartzeko.

Zein uste duzu izango dela txosnetan gehien entzungo den abestia?

Nik uste dut Lokaleko leihotik izango dela jai hauetan gehien entzungo dugun abestietako bat.

Zerk egiten ditu Amurrioko jaiak berezi?

Niretzat, Amurrioko jaietako gauzarik bereziena kuadrillak dira. Kuadrillen arteko hizka-mizkak, antolatzen diren ekintzak, kuadrillen bazkariak, jendea, karrozak taldean muntatzea... 
Horrek guztiak jaiak beste era batera bizitzea eragiten du. Kuadrilla bateko kide sentitzeak eta bestela ezagutuko ez zenukeen jendearekin hitz egiteak eta lan egiteak herriaren eta jaiaren beraren parte sentitzen laguntzen dizu.  Kuadrillak gure artean laguntzeko gaudela esateko ere aprobetxatu nahi nuke, eta erasoren bat gertatzen bada, hemen gaudela laguntzeko, behar izanez gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide