Amurrioko Emakumeon* Saretik protokolo propioa sortzea exijitu diote Udalari, eta, horrenbestez, tokiko erakundeak prozesu bat jarri du martxan herriko beste hainbat eragilerekin batera, hala nola txosnek, jaietako kuadrillek, Emakume Sareak eta Mugimendu Feministak, jaietako erasoen aurkako protokoloa sortzeko.
Protokoloak Amurrion egiten diren jai guztiak hartuko ditu barne, Udalak antolatzen dituenetatik hasi eta kanpotik kudeatzen direnetaraino. Lehenengo fase horretan, Amurrioko jaietako jai-eremuei aplikatuko zaie propio.
Protokolo honen helburuak festetan eraso matxisten aurreko jarduna prebenitzeko eta hobetzeko baldintza eraginkorrak sortzea, eta indarkeria matxistari erantzun kolektibo hobea ematea dira.
Gainera, “jai-giroko indarkeria matxistari erantzun integrala eman nahi dio, herritarrak, erakundeak eta gizarte- mugimenduak tartean sartuz indarkeria matxistari aurre egiteko”, Udalaren arabera.
Ez hori bakarrik, protokoloak jarraibide komunak eta partekatuak ere eskaini nahi ditu eraso matxisten aurrean jarduteko moduari buruz, erantzun eraginkorra erraztuz eta birbiktimizazioa saihestuz, indarkeria matxista jasaten duten pertsonen askatasunekiko errespetuan oinarritutako jaiak eraikitzen lagunduz.
24 orduz telefono arreta
Gauzak horrela, aurten ere 24 orduz arreta eskaintzen duen telefono zenbakia egongo da eskuragarri (666 167 220). Emagin elkartearen eskutik emango da arreta, eta egunean zehar Amurrioko Udaleko berdintasun-teknikaria ere egongo da.
Jai giroan dagoen mugimendu feministako kide batek, gainera, koordinazioa bermatuko du egunean zehar.
Hainbat faktorerengatik nahiko estu ibili dira denboraz eta, mugimendu feministak Aiaraldea hedabideari adierazi dionez, protokoloa ez da haiek nahiko luketena bezain osatua.
Hala ere, modu positiboan baloratzen dute Udalak urrats hori eman izana, eta adierazi dute euren asmoa dela protokoloa osatzen jarraitzea, ahalik eta eraginkorrena izateko.
Era berean, Udalari eskatu diote baliabide guztiak jartzeko jaietan eraso matxisten aurkako benetako oinarriak izateko.