Zein da jaietako egunik onena?
Nire iritziz, Kuadrillen Eguna, abuztuaren 14a, da jaietako egunik onena. Goizetik ateratzen gara herria girotzera, eta kuadrilla guztiak elkartu eta egun ederra pasatzen dugu. Gainera, mota guztietako kontzertuez eta ekimenez gozatzeko aukera izaten dugu.
Egitarauko zer ekintzetarako zaude gogotsuen?
Egitarauan dauden ekintzen artean nire gustukoena ETS taldearen kontzertua da. Izan ere, adin anitzetarako kontzertua da eta, gainera, jakinda datorren urtean eszenatokiak uzten dituztela, pribilegio handia izango da ekimenaz disfrutatzea.
Zergatik erabaki zenuen Euskotarrak kuadrillan sartzea?
Egia esan, jaio nintzenetik naiz kuadrilla honen parte. Nire familiaren eraginez sartu nintzen, haiek Euskotarrak kuadrillaren parte ziren eta. Baina, aipatu behar dut ez nintzatekeela inoiz beste kuadrilla batera aldatuko.
Zeri buruzkoa izango da aurten zuen karroza? Zergatik gai hori?
Aurten koralezko arrezife bat prestatzen gaude. Nolabait gure helburua birziklatzearen garrantzia nabarmentzea da, berrerabilitako objektuekin apaingarrien parte bat eginez.
Zein uste duzu izango dela txosnetan gehien entzungo den abestia?
Nire ustez, gehien entzungo den abestia Potra Salvaje izango da, udako abestia dela esan daitekeelako eta denok dantzan jartzen gaituelako.
Zerk egiten ditu Amurrioko jaiak berezi?
Jaietako kuadrillak, zalantza barik. Familia askotan kuadrilla baten parte izatea tradizio sendoa bada ere, adin anitzetako jendearekin eta urtean zehar ikusten ez ditugun pertsona askorekin elkartzen gara gurdietan eta egiten diren ekintza guztietan. Horrek giro hobezina sortzen du kuadrilletan.