Maiatzean iragarri zen zuk irabazi zenuela jaietako kartela egiteko lehiaketa. Nola jaso zenuen berria?
Sorpresaz harrapatu ninduen. Ez nuen espero. Izan ere, lau profesional hautatu gintuzten eta, gainontzekoen lana ezagututa, ez nuen hain argi ikusten ni izan nintekeela irabazlea. Azken finean, aurtengo sistema berriarekin epaimahaiarentzat ere zailagoa da.
Esan duzunez, aurten lehiaketaren planteamendua ezberdina izan da. Nolakoa izan da hautaketa-prozesua eta nola baloratzen duzu zuk aldaketa?
Aurten hemengo lau profesionali deitu ziguten. Sistema aldatzearen edo leihaketaren oinarriei buelta bat emateko helburua, azken finean, da talentua eskualdean geratzea da eta hemengo sortzaileen lana baloratzea. Beste urte batzuetan sariak kanpora joan dira eta, Udaletik badakitenez hemen bertan badaudela profesionalak, horren aldeko apustua egin zuten.
Beraz, aurtengo leihaketa deialdi batetik abiatu da. Lau sortzaileok ordaindutako bozeto bat aurkeztu genuen, eta horren defentsa egin genuen, eta gero, epaile profesionalek irabazlea aukeratu zuten.
Niri oso ondo iruditzen zait horrelako planteamendua, azkenean nolabait lanbideari duintasuna emateko modu bat da. Ni, adibidez, oso gaztetatik aurkeztu naiz lehiaketetara, baina heltzen da une bat non galtzen duzuna irabazten duzuna baino gehiago den: denbora, ideiak, dirua, gogoa… Beste Udal batzuetan ere horrela egiten ari dira, esate baterako, niri Donostiako kartel lehiaketara ere gonbidatu ninduten, eta kasu horretan, artista bere portfolioaren arabera aukeratzen dute.
Nolakoa izan da kartelaren sormen prozesua? Hasieratik izan zenuen argi egin nahi zenuen hori?
Hein batean bai, flash moduko bat izan nuen. Bi proposamen baloratu nituen. Alde batetik, jaien ohiko elementuak kontuan hartzea zen aukera bat, eta beste aukera zerbait xumeagoa baina inpaktanteagoa egitea zen, eta hori aukeratu nuen azkenean. Zentzu horretan argi izan nuen, ez nuen betiko ikonografia erabili nahi. Lehen begi kolpean arreta deitzen zuen zerbait egitea interesatzen zitzaidan. Era berean mundu guztiari gustatzeko moduko zerbait ere egin nahi nuen, berdin umeak, helduak…
"Azken aldian ez naiz hainbeste ateratzen Amurrioko jaietan, baina oso oroitzapen onak ditut. Oso ondo pasatu izan dut beti"
Zure beste lanei erreparatzen badiegu, zuria eta pastel-koloreak nabarmendu ohi dira gehien. Baina, diseinu hau, aldiz, askoz koloretsuagoa eta disdiratsuagoa da. Esan genezake, orduan, egin ohi duzun horretatik aldentzen dela?
Zentzu horretan egia da oraingoan kolore gehiago erabili ditudala, eta hori kontuan hartuta inprimatutako euskarrian ez dela digitalean bezain argi eta koloretsu ikusten. Egia da nik ez dudala ia horrelako kolore disdiratsurik erabiltzen, edo oso gutxitan egiten dudala.
Izan ere, uste dut tirabirak izan nituela koloreekin kartelaren osagai nagusiari dagokionez, dela nolabaiteko arku bat, ortzadar bat, irudikatzen duena eta aldi berean praka batzuk. Baina ez nuen nahi koloreak bereziki deigarriak izaterik, ez dago berderik… ez da ikustera ohituta gauden ortzadar bat, baina aldi berean erraz identifika daiteke. Orain arte ez naiz konturatu baina agian nire lanik koloretsuena da.
Nola bizitzen dituzu zuk jaiak?
Azken aldian ez naiz hainbeste ateratzen, baina oso oroitzapen onak ditut. Oso ondo pasatu izan dut beti. Egia da ez dudala barrutik hainbeste bizi, nahiz eta Euskotarrak kuadrillarekin atera izan naizen nonbait.
Gazteagoa nintzenean San Roke errepikapena asko gustatzen zitzaidan, gaupaseroak jende nagusiarekin elkartzea zelaietan… Eta karrozak ere bai! Txikia nintzenean magikoak iruditzen zitzaizkidan.
Gero ere gogoratzen dut Txurru etortzen zela bere akordeoiarekin bigantxak egiten zirenean giroa alaitzera! Txikitan hori guztia asko gustatzen zitzaidan.