Amurrioko jaien balorazio positiboa egin dute antolakuntzako eragile nagusiek

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 21a, 13:53

Kuadrillek izan zuten protagonismoa txupinazo egunean. / Maider Ramirez Martin

Egun hauetan zehar egondako ekintzak, parte-hartzea eta antolaketa modu positiboan baloratu dituzte bai Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak bai Udalak.  

Larunbatean, datorren urtera arte agurtu zuten amurrioarrek Iguarrakoa. Harrezkeroztik egun batzuk igaro direla, aurtengoko jaiei buruzko balorazioa egin dute, hain zuzen ere, horiek antolatzen dabiltzan eragile nagusiek: Amurrioko Udalak eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak. 

Udalak ohar bat zabaldu du Amurriokoak “jai arrakastatsuak eta seguruak” direla baieztatzeko. Horrez gain, azpimarratu nahi izan du lasaitasuna eta segurtasuna nagusi izan direla aurtengo jaietan, ez baita istilurik ez erasorik egon. 

Jaietan zehar egondako ekintza eta jarduera guztien artean, hainbat dira herritarren arreta zein ilusioa piztu dutenak. Ildo horretan, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak goraipatu nahi izan du larunbatean, hilaren 10ean, antolatutako paella txapelketan 600 pertsonatik gora parte hartu zutela, iaz baino ia 200 gehiago. 

Izan ere, gogoratu beharra dago Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak jaietako txupinazoa jaurti baino bi egun lehenago abiatu zituela jaiak. Izan ere, batzorde horretako kide den Josu Arrietak komunikabide honi azaldu dionez, txupinazoa astelehenean izanik, “jende nahikotxo gera zitekeen jai-girotik kanpo, lana dela eta”. Horregatik erabaki zuten egun osoko egitaraua antolatzea, eta paella txapelketaz gain erromeria eta DJak ere ekarri zituzten Amurrioko parkera, “jendeari larunbatean ere aisialdi eskaintza bat emateko, giro gozagarrian disfrutatu zezaten.” 

Era berean, Arrietak adierazi duenez, aurten elkarrarremanean egon dira Jai Herrikoien Aldeko Batzordea eta Udala, eta ahalegin berezia egin dute bi eragileek antolatutako jarduerak elkar zapaldu ez zitezen. Hori dela eta, esaterako, Batzordetik ez zuten eskaintza musikalik prestatu ETS taldearen kontzertuaren aldi berean eta kontzertua eta geroko DJa, nahiz eta Udalak antolatutakoa izan, txosnagunean egon zen musika jartzen. Hain zuzen ere, aipatutako ETSren emanaldia izan da tokiko erakundeak nabarmendu duen uneetako bat, haien aburuz, “aurtengo musika eskaintzaren puntu gorena izan zen” eta “esperientzia  ahaztezina” izan zen hainbat ikuslerentzat.  

Beste jarduera batzuk ere azpimarratu nahi izan ditu Udalak, hala nola aurtengo jaietan berriak izan diren goitibeheren jaitsiera eta enduro erakusketa. Tokiko erakundearen ustez, bi ekintza horiek “freskotasun eta adrenalina kutsua eman zioten programazioari, eta gazteen zein helduen arreta erakarri zuten”. Bi berrikuntza hauei buruz ere mintzatu da Josu Arrieta, eta gogorarazi nahi izan du, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak antolatutako ekintzak izan ez arren, eurentzat ere jai herrikoien filosofiaren barne kokatzen direla, herriko hainbat eragileren nahiei erantzuten dietelako, eta haiek ere lan egiten dutelako horrelako jarduerek jaietan tokia izan dezaten.

Behin balantzea eginda, Udalak zein Batzordeak modu positiboan baloratu dituzte jaiak, oro har. Tokiko erakundeak, bere aldetik, eskerrak eman izan nahi dizkie jaiak aurrera ateratzeko lanean egon diren guztiei, hala nola udal langileei, kuadrillei, eta baita herritar guztiei ere. Batzordeari dagokionez, eurek antolatutako ekintzetan parte-hartzea handia izan dela goraipatu nahi izan dute eta hori “adierazgarri positiboa dela” uste dute, “jendeak bere egiten dituelako” Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen egitaraua eta espazioak.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide