Bihar emango zaie hasiera Aloriako jaiei

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko abu. 28a, 12:29

Herri bazkaria izango da Aloriako jaien ekintza nagusietako bat. / Aiaraldea.eus

Ostegun eta ostiralean ospatuko dira Amurrioko Aloria auzoko jaiak. Jai batzordeak bi eguneko egitaraua prestatu du, ekintza eta jardueraz beteta. Elkartasunerako tartea ere egongo da.

Garbiñe Ugarte Aloriako jai batzordeko kideak Aiaraldea Komunikabideari esan dionez, urtero bezala, egun batzuk lehenago herriko gazteak (eta ez hain gazteak) elkartzen dira, egin beharrekoak banatu, eta jaiak prestatzen hasteko: “Herri txikia izanik, ez gara gehiegi, baina tira, ondo moldatzen gara bi eguneko jaiak prestatzeko”. 

Urteroko eskema jarraitu du Aloriako jai batzordeak aurtengo jai herrikoiak antolatzeko. Izan ere, Ugartek azaldu duenez, urte asko daramatzate programa bera mantentzen, tradizioei hutsik egin gabe, baina beti saiatzen dira hobetzen hurrengo urteari begira. 

Bi jarduera azpimarratu ditu Ugartek aurtengo egitarautik: Herri bazkaria, herriko pertsona guztiak elkartzen direlako; eta parrillada herrikoia, "mundu guztiak laguntzen duelako eta, gainera, irabaziak ADELA bizkaia elkarteari ematen zaizkiolako".

Izan ere, jaia elkartasunarekin uztartuko dute aurten ere. ADELA Bizkaia elkarteari laguntza ekonomikoa eskainiko diote ostiraleko parrilladan bilduko duten diruarekin. Alboko Esklerosis Amiotrofiko gaixotasunaren kontra aritzen da elkarte hori.

Hastear dira Aloriako jaiak, eta Garbiñe Ugartek nabarmendu du aurten, ostirala izanda, herritar ugari bertaratuko direla. Gainera, “jendeak gozatzea eta denontzako jaiak izatea” espero du, eta nola ez, “eguraldia lagun” izatea.

EGITARAU OSOA

Abuztuak 29, osteguna

07:30 // Jaien hasiera, suziriak eta kanpai-hotsak
12:30 // Meza nagusia
13:15 // Trikipoteoa
15:00 // Bazkaria
16:30 // Alboradak
17:00 // Mus Txapelketa Sariak: 1. 300 €; 2. 150 € 3. 90 € 4. 60 €
18:30 // Haurrentzako jolasak eta txokolate-jana
23:00 // Gauargi erromeria
02:30 // DJ Juanma
03:00 // Kontzentrazio atletikoa. Lasterketa galtzontziloetan eta tangetan

Abuztuak 30, ostirala

07:30 // Komunitate-esnatzea, suziriak eta kanpai-hotsak
13:00 // Hildakoen meza
13:30 // Argazki erakusketa
15:00 // Herri bazkaria
18:00 // Puzgarriak eta askotariko jolasak
21:00 // Parrillada herrikoia (Tiketa 4 €). Diru-bilketa ELAren aurkako Borroka Elkarteari (ADELA BIZKAIA) emango zaio.
21:00 // Etxebarria aita-semeak trikitilarien erromeria
00:30 // DJ Nabo

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide