
Iker Larrazabalek Caixabank Mastersaren 6. jardunaldia jokatuko du gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan. Izan ere, Artola ordezkatuko du, atzo Berriozarren jokatutako partidan min hartu baitzuen ezkerreko izterrean.
Gauzak horrela, Rezustarekin arituko da gaur arratsaldean amurrioarra, Altuna III-Iztuetaren aurka. 17:00etan hasiko dira partiduak, eta Larrazabalena bigarrena izango da, Egiguren V-k eta Gabirondok Exposito eta Aldaberen aurka jokatu ostean.
Dena den, Iker Larrazabal ez da gaur Beotibar pilotalekuan arituko den eskualdeko pilotari bakarra. Izan ere, Caixabank Mastersaren partidua eta gero, Arkaitz Eskuzak De La Fuenterekin batera jokatuko du, Mata-Gaskue bikotearen aurka.