Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin, Osakidetzarekin eta Ertzaintzarekin elkarlanean bultzatutako indarkeria matxistaren aurkako jarduera-protokolo berria sortu du.
Dokumentu berriaren xehetasun guztiak eman dituzte, eta protokoloa bera sinatu dute Gorka Urtaranek, Gizarte Politiken saileko foru diputatuak; Txerra Molinuevok, Amurrioko Udaleko alkateak; Jon Guajardok, Galdakaoko ESIko zuzendari-gerenteak; eta Alfonso Martínez Sainzek, Ertzaintzaren Laudioko komisarioak.
Araban lau administrazio-erakunde hauek sinatzen duten lehen protokoloa da. Amurrioko Udaleko Berdintasun Zinegotzi Ixone Saratxagak, bere aldetik, “prozesu luzea” izan dela azpimarratu du: “Lehenik, aurretik zegoen dokumentazioa berrikusi dugu, eguneratzeko, eta, ondoren, hausnarketarako guneak sortu ditugu dokumentua egiteko (teknikariek eta politikariek, gizarte-agenteek, Ertzaintzak... parte hartu dute)”. “Lankidetza horrek bermatzen du dokumentu hau tresna gisa erabiltzea”, gehitu du berdintasun zinegotziak.
Gorka Urtaran diputatuak, berriz, helburua “indarkeria matxistarik gabeko udalerria sortzea” dela nabarmendu du, eta “hori Arabara zabaltzen badugu, gizarte hobe bat lortuko dugula” ziurtatu du.
Amurrioko Udalaren arabera, orain arte, indarkeria matxistari aurre egiten dioten LGTBIQA+ kolektiboko pertsonak “ez dira behar bezala aztertu”.
Beraz, “protokoloak ez-egite hori zuzentzea du helburu, indarkeria matxistaren eraginpean dauden guztiek beharrezko babesa jasoko dutela ziurtatuz”.
Tximeleta zentroa
Protokolo berriak Tximeleta Zentroa ere barne hartzen du, Araba osoko emakumeei zerbitzua ematen dien foru baliabide berria, eta lurraldean sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko dagoen lehen zentroa.
Urtaranek zentro hori nabarmendu nahi izan du: “Apirilean ireki genuen Gasteizen, baina Araba osorako da. Laguntza soziala zein psikologikoa eskaintzen du, eta zabaldu zenetik 90 emakume artatu dituzte”.
Zentro horrekin batera, Hegoak zerbitzua ere goraipatu du Urtaranek. Amurrioko zerbitzua da, eta Udalak utzitako lokalean arreta psikosozialeko programa eta laguntza juridikoko programa daude eskuragarri. “Horrelako baliabideak behar-beharrezkoak dira. Lanean jarraituko dugu Araba osoan indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko”, adierazi du Urtaranek.
Indarkeria matxistako bost kasu gehiago 2023an
Jon Guajardo, Galdakaoko ESIko zuzendari-gerenteak egungo egoera azaldu du. Bere hitzetan, azken 4 urteetan gora egin du kasuen kopuruak: “2023an 252 kasu atzeman ziren Galdakaon, eta 2022an, berriz, 87. Amurriori dagokionez, 5 kasu berri erregistratu dira urtea hasi denetik”.
Modu koordinatuan lan egitea “funtsezkoa” dela azpimarratu du Guajardok, “guztion gaia” delako. Era berean, Amurrioko Udala zoriondu nahi izan du, “Arabako lehena” delako.
Bukatzeko, Alfonso Martínez Sainzek, Ertzaintzaren Laudioko komisarioak, Ertzain Etxean 24 orduz egiten duten lana dela azaldu du, eta kasu horiek artatzen dituzten pertsona espezializatuak daudela. “Protokolo hau sinatuta, Ertzaintzak indarkeria matxistaren aurkako borrokan duen konpromisoa islatzen dugu”, gehitu du.
Amurrioko Udalaren arabera, protokolo honen helburu nagusien artean “biktimei laguntzen zuzenean inplikatuta dauden erakundeen arteko jarduera eta koordinazioa hobetzea” dago.
Gainera, “ahalegin horretan beste erakunde publiko batzuk eta gizarte zibileko elkarteak integratzearen garrantzia” nabarmentzen da, “indarkeria matxistaren eragina bizi duten emakumeei, adingabeei eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonei laguntzeko sarea zabaltzeko helburuarekin”.