Amurrioko elkartasun txosnak deituta, ekitaldia egin dute gaur eguerdian Amurrioko udalbatza aretoan. Zehazki, Axier Vivanco Amurrio Traileko presidenteak 4.700 euroko txeke erraldoia eman dio Hodeilargi elkarteko ordezkari bati.
Diru hori eskuratzeko, elkartasun txosna hiru egunez ireki zuten Amurrioko jaietan, abuztuaren 12an, 13an eta 14an, hain zuzen. Azpimarratu beharra dago azken urteotan bi egunez baino ez dutela ireki txosna eta aldaketaren balorazio oso positiboa egin dutela antolatzaileek.
Herriko hainbat kirol eta kultura elkartek parte hartu dute ekimenean: Amurrio Clubak, Zaraobe Saskibaloi Taldeak, patin klubak, Gorobel kirol guneak, Amurrio Trail Taldeak, Amurrioko pilota klubak, txirrindularitza taldeak, Kuskumendi mendi txirrindularitza taldeak, Ezina Ekinez Egina elkarteak, Ohiturak elkarteak, Giltzarrapo taldeak eta Oinkariak Atletismo Taldeak.
Onuraduna, bere aldetik, Hodeilargi Ugaoko elkartea izan da. Battenen gaixotasunaren aurkako borrokan diharduen taldea da hori. Berez, Hodei eta Ilargi dira Euskal Herri osoan gaixotasun arraro hori duten lagun bakarrak, eta gaitzaren ikerketan laguntzea da elkartearen helburu nagusia, beste hainbat xede ere dituen arren: sendabide posible bat bilatzea, terapiak ordaintzen laguntzea (fisioterapia, igerilekua, errehabilitazioa...), autoa eta etxea egokitzea bezalako gastuak bere gain hartzea, eta, jakina, gaixotasuna ikusaraztea.
Iaz elkartasun txosnak 5.157 euro bildu zituen Duchenne elkartearentzat.