Amurrioko Minbiziaren Aurkako V. Ibilaldia irailaren 29an izango da

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko ira. 11a, 12:43

Amurrioko Minbiziaren Aurkako V. Ibilaldiaren aurkezpena. / Aiaraldea.eus

Izen-emateak aste honetatik aurrera egin daitezke. Inskripzioak 10€ balio du, eta kamiseta eta motxila emango dira opari. Bildutako diru guztia minbizia ikertzeko izango da.

Amurrioko Aurreraka Emakume Elkarteak Minbiziaren Aurkako V. Martxa antolatu du Amurrioko Udalaren eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntzarekin. Irailaren 29an izango da, igandean, 10:00etatik aurrera.

Toñi Gonzalez, Amurrioko Aurreraka Emakume Elkarteko kideak, xehetasun guztiak eman ditu. Ibilbidea Juan Urrutia plazatik abiatu eta bertan bukatuko da. 7 kilometro ditu guztira, eta “adin eta era guztietako pertsonentzat egokituta dago”.

Behin plaza igaro ondoren, Olako, Nerbioiko Parke Linealaren hasiera, Abiaga eta El Reforretik igaroko da, eta bertan hornidura eskainiko da. Gonzalezek gehitu du “ibilbidea bukatzean doako pintxo-potea” egongo dela. 

Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta “egiten duten lanarekin pozik” daudela nabarmendu du Gonzalezek. Halaber, mundu guztia parte hartzera animatzen du: “minbizia hor dagoen zerbait da, edozeinek izan dezake. Borrokatu egin behar da gaixotasun hau desagerrarazten saiatzeko”.

“Minbizia hor dagoen zerbait da, edozeinek izan dezake. Borrokatu egin behar da gaixotasun hau desagerrarazten saiatzeko”

Marta Fernández Minbiziaren Aurkako Arabako Zuzendaritza Batzordeko kideak, bere aldetik, datu batzuk eman ditu: “Zoritxarrez, bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango du”.

Gaur egun “% 57ko biziraupena” dago, eta “Elkartearen helburua 2030ean biziraupena % 70era igotzea” da. Bide horretan, hauek dira elkartetik dituzten erronkak, Fernandezen arabera: “pertsona gehiagorengana iristea eta zerbitzu gehiagorekin iristea. Azpimarratu nahi dut ditugun zerbitzu guztiak doakoak direla bai pazienteentzat bai haien familientzat, eta ez dela beharrezkoa bazkide izatea zerbitzu horiek jasotzeko”.

Fernandezek nabarmendu du, baita ere, “prebentzioa, ikerketa eta finantzaketa” funtsezkoak direla.

"Gaur egun % 57ko biziraupena dago, eta Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen helburua 2030ean biziraupena % 70era igotzea da"

Izen-ematea

Aste honetatik aurrera, Aurreraka Bulegoan (Kultur Etxeko lehen solairuan) aurrez aurre eman ahal izango da izena, 11:00etatik 13:00etara. Irailaren 12, 19 eta 26an, ostegunetan, Laudioko azokako standean, eta irailaren 13, 20 eta 27an, ostiraletan, Amurrioko San Anton merkatuan.

Ibilaldiaren egunean bertan ere eman ahal izango da izena Juan de Urrutia plazan. Gainera, Artzai Egunean, irailaren 22an, Aurrerakak ere izen emateak bilduko ditu.

Azkenik, izen-emateak online egin daitezke irailaren 27ra arte, ostirala, izena, abizenak eta NANa amaurreraka@gmail.com helbide elektronikora bidaliz eta 10 euroko transferentzia eginez Kutxabanken, ES59 2095 3258 2310 9146 7299 kontu-zenbakian. Inskripzioarekin kamiseta eta motxila izango dira opari.

Laguntza psikologiko eta sozialeko zerbitzua Amurrion

Duela 3 urtetik Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteak zerbitzuak eskaintzen dituzte Amurrioko Kultura Etxean. 

Elkartearen zerbitzu guztiak, Marta Fernandezek arestian aipatu bezala, doakoak dira. Laguntza psikologikoaz eta sozialaz gain, material ortoprotesikoa ematen zaie behar duten pertsonei -ohe artikulatuak, gurpil-aulkiak, ohean denbora luzez egoteagatik sortzen diren zaurien aurkako koltxoiak, taka-taka eta ileordeak-, eta tailerrak eta hitzaldiak antolatzen dira intereseko hainbat gairi buruz -sedentarismoa, elikadura osasungarria, obesitatea, tabakismoa, kerik gabeko espazioak, bizi-ohitura osasungarriak…-.

Hitzaldi horietako bat irailaren 19an izango da, 17:00etan, Kultura Etxean. “Bazkari eta askari osasungarriak” izenburupean, Arabako Minbiziaren Aurkako Prebentzioko arduradun Naikare Diazek modu osasungarrian jateko aukerak emango ditu. Hitzaldi honek Fernandezek aipaturiko prebentzioan laguntzen du, izan ere, “prebentzioa funtsezkoa da eta gure esku dago”.

Arreta psikosozialean interesa duten pertsona guztiek hitzordua eska dezakete 900 100 036 telefonoan edo alava@contraelcancer.es helbide elektronikoan. Elkarteko profesionalek astelehenetan Kultur Etxean zerbitzu horretarako prestatutako lokalean artatzen dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide