Oholtza gainean bakarka igarotako 20 urteak birpasatuko ditu Luis Vilek larunbat honetan Amurrioko Antzokian. Urte hasieratik darama sortzaile amurrioarrak bere ibilbide osoa berrikusten, publikoari formatu akustikoan eskaintzeko.
Euskal Herriko hainbat txokoetatik zabalduko da bira, Amurrion, bere jaioterrian aurkeztu ostean. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak Amurrioko Antzokiaren bidez eskuratu daitezke, 6 eurotan.
Kontzertua ohikoan baino formatu intimoagoan izango den arren, Vil ez da bakarrik igoko eszenatokira, eta horrek ere berezi egingo du hitzordua. Izan ere, urte luzez oholtzetan bidelagun izan duen Josean Valle egongo da teklatuan eta koruetan, eta Jona, Vilen semea, baterian.
Gertukoez ondo babestuta beraz, 20 urteetan egindako lanaren lagin bat aurkeztuko du Vilek antzokian. 6 album eta 30 single bideoklip gisa ekoitzi ditu 2004. urtetik hona, eta uzta oparo horretatik, 20 abesti eramango ditu akustikora.
Apirilean Aiaraldea Komunikabideari adierazi zionez, “ez da lan erraza izan” baina azkenean “ildo lirikoenetatik politikoenetara” doazen album guztietako zertzeladak hartu ditu.
Artista amurrioarrarentzat “oso ilusionagarri eta sortzailea” izan da bere kantu elektrikoenak formatu akustikora moldatzea, eta ziurtatu du publikoak “orain arte entzundakoaren ezberdina” izango dela emanaldia.
Musikan ez ezik, zinemagintzan ere aritzeagatik da ezaguna Luis Vil, eta bere fazeta horrek ere eragina izango du kontzertuan. Alderdi bisualari garrantzia emango ziola aurreratu zion amurrioarrak hedabide honi, eta zuhaitzen adarrak eta burdinoletatik ateratako piezak baliatuta, eszenatokira baso sorgindu bat eramango zutela adierazi zuen.