Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Amurrioko Udalak berriz uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearekin biltzeari

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ira. 17a, 09:14

Milaka herritarren babesa jaso du Aiaraldea Komunikabideak. / Aiaraldea.eus

Larunbatean agortuko da 1.700 elkarte, eragile eta norbanakok Amurrioko Udalari jarritako epea Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezarri eta euskararen biziberritzean “eragile aktibo” bilakatzeko. Uda osoa izan du tokiko erakundeak horretarako, baina bilera huts bat egiteari ere uko egin dio berriz ere.

Larunbat honetara arte (irailak 21) arte du epea Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezarri eta euskararen biziberritzean “eragile aktibo” bilakatzeko. Hala eskatu zioten ekainaren 21ean 1.700 elkarte, eragile eta norbanakok, Amurrioko udaletxearen aurrean eginiko agerraldian. Ia uda osoa izan du Udalak jarrera aldatzeko, baina kontrakoa egin du: berriz uko egin dio komunikabidearekin biltzeari, berriki jakinarazi duenez.  

Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohiak eta Manolo Plazak (Amurrioko Olentzeroa) irakurri zuten ekaineko agerraldian euskarazko komunikabideen aldeko manifestua, eta hiru eskaera zehatz egin zizkioten Udalari. Lehena, “elkarlana estutzea” udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin, tokiko erakundea “eragile aktibo” bilakatzeko “euskararen biziberritzearen prozesuan”. Bigarrena, Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, “bi entitateen arteko elkarlana berriz abiatu eta normalizatzeko”. Eta hirugarrena, Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion dirulaguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, “eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz”.

Udal gobernutik Komunikabideari jakinarazi zaio bilera egin edo ez baloratu dutela, eta berriz ere uko egingo diotela aukera horri, baina garaiz dago jarrera aldatzeko

Pinedok eta Plazak azaldu zuten azken hamarkadetan “urrats esanguratsu ugari” egin direla euskararen biziberritze prozesuan, eta “berebizikoa” izan dela bide horretan aritu diren instituzio, eragile eta elkarte guztien ekarpena “hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko”. Bide horretan, aldarrikatu zuten beharra dagoela “elkarlanerako espazioak” sortzeko, eta “geldirik” geratzearen arriskuaz ohartarazi zuten: “Euskararen kale erabilerak ez du gora egin eskualdean azken sei urteetan, eta beste hainbat esparrutan eginiko ikerketek ere kezkatzeko moduko datuak plazaratu dituzte. Euskara bidegurutze batean dago, eta bada unea bultzada berria emateko”. Euren aburuz, bide horretan “funtsezko zeregina” betetzen dute Aiaraldea bezalako euskara hutsezko komunikabideek, eta horregatik da beharrezkoa instituzio publikoek “euren jarduna ekonomikoki eta sozialki babestea”, “berebizikoa” delako hizkuntza biziberritzeko.

1.700 eragile, elkarte eta norbanakok sinatu zuten euskarazko komunikabideen aldeko manifestua, eta irailaren 21era arte eman zioten epea Udalari bere jarrera aldatzeko

Udalak berriz uko egin dio biltzeari

Maiatzean jakinarazi zuen Aiaraldea Komunikabideak Amurrioko Udalak dirulaguntza kendu ziola, aurretik inolako azalpen eta jakinarazpenik eman gabe. Berez, Udalak ez du oraindik dirulaguntzaren ezabatzea ofizialki jakinarazi ere egin. Udaberritik hona darama komunikabideak Udalarekin biltzeko saiakeran. Hainbat bilera eskaera egin ditu, bide ofizial zein ez-ofizialak baliatuta, baina Udalak kasu guztietan egin dio uko biltzeari.

Are gehiago, ekainaren 21eko agerraldi jendetsuaren ostean ere, Aiaraldea Komunikabidea hainbat bidetatik saiatu da Udalarekin hitz egiten. Horretan aritu da udan, baina ez du inolako erantzunik jaso irailaren hasierara arte; eta, oraingoan ere, ezezkoa izan da erantzuna. Udal gobernutik Komunikabideari jakinarazi zaio bilera egin edo ez baloratu dutela, eta berriz ere uko egingo diotela aukera horri.

Hala ere, Udalak tartea du oraindik jarrera aldatzeko: bost egun geratzen dira oraindik uda amaitzeko, eta Aiaraldea Komunikabidearen eskua luzatuta dago oraindik. Hala nabarmendu zuten Patri Pinedok eta Manolo Plazak ekaineko agerraldian: “Euskara egiazki biziberritzeko, Amurrioko Udalak elkarlana sustatu behar du gizarte zibilarekin; bertako elkarte eta entitateekin, eta eskutik helduta aurre egin behar diogu gure hizkuntzak bizirik jarraitzeko aurrean duen erronka erraldoiari. Garaiz eta prest gaude horretarako”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide