Amurrioko Udalak 2024an euskara ikasteko beken deialdia onartu du, herritarren artean ikaskuntza sustatzeko helburuarekin. Ekimen hori Amurrion 2023-2024 ikasturtean erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonei eta Udaleko langileei zuzenduta dago. Guztira, 23.000 euro bideratuko ditu Udalak beken deialdira.
Onuradunek gutxienez %80ko asistentzia egiaztatu beharko dute HABEk homologatutako ikastaro batean, ikastetxeak emandako ziurtagiria aurkeztuta. Amurrioko Udaleko langileek matrikularen kostuaren % 100eko dirulaguntza jasoko dute.
Dirulaguntzaren zenbatekoa matrikularen kostuaren %75era artekoa izango da, eta gehienez 1.961,06 euro emango dira pertsona bakoitzeko euskalduntze-prozesuan zehar. Barnetegietan 400 ordu edo lau hilabete baino gehiagoko egonaldietarako ere, dirulaguntzak kostuaren %75 estaliko du, Udaleko langileentzat izan ezik, horiek %100 jasoko baitute.
Eskabideak 2024ko urriaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira, bai Amurrioko Udalean, bai posta ziurtatuaren bidez edo Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean aurreikusitako bitarteko elektronikoen bidez.
Eskabide-inprimaki bat aurkeztu beharko da, finantzaketarik lortu ez izanaren zinpeko aitorpena, egindako ordainketaren egiaztagiriarekin eta dagokion euskaltegiak emandako 2023-2024 ikasturteari dagokion bertaratze-ziurtagiriarekin batera (2024ko urriaren 1era arte). Beka lehen aldiz eskatuz gero, NANaren fotokopia eta hirugarrenaren alta-orria ere behar bezala beteta aurkeztu behar izango dira.
Interesa dutenek Amurrioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Udalaren web orrian kontsultatu ditzakete deialdiaren oinarriak. Ebazpenak iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko dira, eta baztertutako eskabideak posta arruntez jakinaraziko dira.