Pop musika ere joko dute bihar kanpai-joleek

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 20a, 10:20

Kanpaiak izango dira protagonista bihar. / Amurrioko kanpai-joleak

Amurrioko kanpai-joleek euren urteroko kontzertuaren XX. edizioa egingo dute bihar eta, doinu tradizionalak ez ezik, garaikideagoak ere entzuteko aukera emango dute. Amurrioko Musika Eskolako eta bestelako adituen laguntza izango dute.

Amurrioko kanpai-joleek egun bizia izango dute bihar. Izan ere, euren kontzertuaren XX. edizioa antolatu dute eta laguntza ez zaie faltako hitzordua erakargarria izan dadin.

Ospakizunak 10:00etan hasiko dira eta kanpaien iraulketak ez du etenik izango bost minutuz. Horrekin iragarriko dute jaia. 11:00etarako hildako kideen omenezko meza deitu dute eta 11:50ak aldera Bakearen Nazioarteko Egunaren harira sortu den egitasmoarekin bat egin eta kanpaiak joko dituzte. Bakearen aldeko egitasmoa gaur bertan hasiko da Melbournen eta ideia da 24 ordutan mundu osoan jotzea kanpaiak etenik gabe.

12:00etan, aldiz, tutu-formako kanpaien kontzertua eskainiko dute Amurrioko Musika Eskolako kideek. Jose Luis Albizua antolatzaileak adierazi du kontzertu interesgarria eta tradizionala izango dela, baina, halaber, iragarri du zerbait berritzailea nahiago dutenek karilloi emanaldia izango dutela 13:00etan.

Ordu horretan bi adituk sortuko dute musika eta, ohiko abestiekin batera, ezagunagoak diren doinu pop eta modernoak joko dituzte. "Ez dakigu zein abesti hautatuko dituzten, baina guk adierazi diegu kanta ezagunak izan behar direla. Izan daitezke euskal kantak edo irratian ospetsuak egin direnak. Zortzi izango dira guztira", aurreratu du Albizuak.

Mokadua ere eskainiko dute. Azkenik, 15:00etan kanpai-joleen anaitasun bazkaria egingo dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide