
Asaltamontes Female emakumeen topaketa antolatu dute urriaren 13rako. Amurrio inguruko mendietara egingo dute ibilaldia, emakumeak mendira joatera anima daitezen. Hitzordua goizeko 10:00etan jarri dute, Amurrioko Juan Urrutia plazan.
Amaieran hornidura egongo dela iragarri dute, eta baita produktu ezberdinen zozketa ere. Izen-ematea hurrengo estekan egin behar da, hemen, dohainik.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Asaltamontes Female emakumeek mendira ateratzeko, naturarekin harremana sentitzeko eta kirola egiteko beharra zutelako jaio zen. Izan ere, “askok maite dute praktikatzea, baina ez dute norekin, edo beldur dira, edo traba direla sentitzen dute gizonekin badoaz. Horregatik da emakumeentzat bakarrik”.
Beraz, “segurtasun hori emateko katebegi txiki hori gara, mendia proba dezaten, gero haiek benetan hori egiteko gai direla egiazta dezaten, eta hurrengo urratsa eman dezaten, hau da, trail-lasterketetan lehiatzea”.