Euskal Herria Argazkia.Eus Lehiaketaren lehenengo edizioa irabazi duzu Arde la niebla izeneko lanarekin. Argazki proiektuak Urduñako mendatean gertatutako autobus istripu sonatu bat du oinarri; nondik abiatu zinen hau garatzeko?
Denboraren poderioz ohartu naiz; proiektu honetara hurbildu ninduena gaztetan gidatzeari eta errepideari izan nien beldurra izan zela. Pentsa, 20 urterekin atera nuen gidabaimena eta hamaika urtez izan nuen gordeta mesanotxean. Guztiz beldur irrazionala zen hura, inolako oinarririk ez zuena. 31 urte bete nituenean bigarren eskuko auto bat lortu nuen, eta bizitzako une berean ekin nion argazkiak egiteari.
Gidatzeari beldurra kentzeko orduan, nolabaiteko akuilua izan zen argazkilaritza niretzako. Autoa hartzen nuen eta argazkiak egitera joaten nintzen. Nire lehenengo serie guztiak eskualdeko errepideei egindako argazkiak dira. Denak. Eta gertu dauden errepideen artean, asko hurbiltzen nintzen Urduñako mendatera. Gogoan dut txikitan, lagunekin igo nintzela noizbait bizikletaz, eta ordutik ezagutzen nuen Galegoen bihurgunea. Banekien han zerbait gertatu zela, baina zehaztasun gutxirekin. Nire familia Galiziakoa da, eta beti izan dut sentsibilitate handia herrialdearekiko. Horrek bultzatu ninduen gaiaren inguruan gehiago arakatzera. Dokumentatuz joan ahala gertakariaren nondik norakoak ezagutu nituen, eta orduan geroz eta maizago hasi nintzen mendatera etortzen argazkiak egitera.
Duela zenbat izan zen hori?
Proiektuaren hazia diren lehenengo argazkiak duela lau urte egin nituen gutxi gorabehera. Proiektuak, ordea, duela hiru urte edo hartu zuen forma sendagoa. Egunak eta egunak eman ditut bertan. Bereziki neguan, hotza pasatzera igotzen nintzen portura. Kamera soinena hartuta orduak pasatzen nituen inguruan ikusten nuenari argazkiak egiten.
Hasiera batean espazioari egiten nizkion argazkiak gehienbat. Beti iruditu izan zait mendateak baduela nolabaiteko energia berezia, batez ere goialdeko azken bihurguneek. Lehenengo argazkiekin energia hori islatzea zen nire asmoa.
Proiektua testuinguruan jartzearren; nora garamatzate argazkiek? Zein da Galegoen bihurgunean gertatutako istripu hori?
1962ko uztailaren 24an, Galizako Compostela Orkestra Leongo Ponferrada hiritik Bilbora egin zuen bidaia, Santiago Egunaren testuinguruan Bilboko Galiziar Etxean kontzertua eskaintzeko asmoz. Urduñako mendatea jaistean istripua izan zuten lehenengo bihurgunean, eta mendatean behera 200 metro amildu zen mikrobusa. Frankismo garaiko hedabideetan oso informazio gutxi azaltzen da ezbeharraren inguruan, baina orduko kroniken arabera mikrobusaren balaztek ez zuten funtzionatu. Mendatea lainotuta zegoela azaldu zuten egunkarietan, baina hainbat lekukoren arabera egun sargoritsua izan zen hura. Informazioa ez dago oso argi. Hamasei pertsona zihoazen autobusean; hiru unean bertan hil ziren eta laugarren musikari bat ospitalean zendu zen: Juan Fernandez Barros, Paulino Prado, Jose Casal Brea eta Jesus Sanchez Picon.
Sentsazioa dut eskualdean istripuak izugarrizko sona izan zuela, eta nolabaiteko shock kolektiboa eragin zuela. Batez ere Urduñan, herritar askok eta askok gogoratzen dute pasartea. Urduñako bizilagun ugari, garaiko alkatea tartean, aritu ziren biktimak artatzen eta ospitalera eramaten. Jende asko mobilizatu zen, eta askoren memorian iltzatuta dago oraindik gertakaria.
“Sentsazioa dut eskualdean istripuak izugarrizko sona izan zuela, eta nolabaiteko shock kolektiboa eragin zuela”
Zerk piztu zuen zehazki gaiarekiko interesa?
Hastapenetan, galegoen bihurguneko istripuak nolabaiteko oinarria ematen zion proiektuari, baina oraindik ez zegoen lanaren erdigunean. Hasieran errepidearen estetikak erakartzen ninduen, eta, batez ere, bertako klimak: urtean ia 250 egunez sartzen da behelainoa. Euria egiten duen aldiro oso behelaino trinkoa dago azken bihurguneetan.
Gerora hasi zinen, orduan, istripuaren gaia modu esplizituagoan lantzen.
Denborarekin espazioaren argazki horiek Urduñako mendatean soilik egin daitezkeen argazki subjektiboekin nahasten hasi nintzen, nolabait auto istripuak irudikatzen zituzten argazkiekin.
2023. urte hasieran, Laudioko tipo baten bideo bati esker, jakin nuen bazeudela oraindik istripuaren hondarrak mendateko magalean. Susmoa baneukan aurretik baina hauek topatu ezinik nenbilen. Hainbatetan sartu nintzen bihurgunearen azpiko basoan, baina ez nuen ezer topatu. Laudioko pertsona horrek, ordea, zehatz-mehatz azaldu zidan non bilatu behar nuen. Ordurako, argi eta garbi, autobus istripua zen proiektuaren epizentroa, baina arrastoak aurkitzeak beste dimentsio bat eman zion gaiari. Hori izan da proiektuko erronkarik handiena, autobusaren hondarrei egindako argazkiak argazki bilduman txertatzea. Hasieran ez nion enkajerik ikusten, baina hainbat argazkilarirekin ideia elkarbanatu ostean, esan zidaten baietz; zentzu guztia zeukala.
Banituen espazioak, banituen arrastoak eta banituen argazki subjektiboak. Material hori guztia ordenatuta nuela, Urduñako udaletxera jo nuen. ADRAtan elkarteko kideei esker istripuaren artxiboa lortu nuen, eta argazkiak egin nizkion. Oso eskertuta nago.Gauza interesgarriak topatu nituen bertan; biktimen senideek Urduñako herriari bidalitako esker telegrama, besteak beste.
Izugarrizko aurkikuntza izango zen Urduñako artxiboan topatutakoa, ezta?
Aurkikuntzarik ikusgarriena, ordea, Amurrioko Udal Artxiboan egindakoa izan da. Kasualitatez istripuaren beste espediente bat aurkitu genuen, ez zegokion tokian galduta. Aurten gertatu da hori. Nik Amurrioko udaletxean egiten dut lan, muturren aurrean izan dut beti. Egon zitekeenaren susmoak genituen baina ez genuen inondik inora topatzen. Halako batean, artxibo desordenatu batzuen artean, han agertu zen. Itzela. Horrek bai zabaldu dizkidala ate guztiak, faltan nuen azken pieza!
Garaiko artxibozainak denetarik bildu zuen Amurrioko espedientean: istripuaren biharamunean orkestrak Bilbon eskaini behar zuen kontzertuaren kartela, istripuaren eskema zehatza, telegramak… Ez dakit nork bildu zuen informazio hori guztia, baina egundoko dokumentazio lana egin zuen. Kriston altxorra da.
Nola antolatu dituzu argazki horiek guztiak proiektu bakarrean?
Lehen aipatu bezala ez da lan erraza izan pieza guztiak enkajatzea. Diptikoak osatuz joan naiz, argazki mota desberdinak nahastuz. Thriller baten modura antolatu ditut argazkiak dosierrean, istripua bera irudikatu nahian.
“Thriller baten modura antolatu ditut argazkiak dosierrean, istripua bera irudikatu nahian”
Datozen hilabeteetan egingo ditudan erakusketetan, edota gerora argitaratu dezakdean balizko argazki liburu batean, bestelako ordena izan dezakete irudiek, baina, momentuz, thriller baten modura antolatu ditut.
Arde la niebla izena jarri diozu lanari.
Proiektuan murgilduta nengoela Sara Medina izeneko autore baten poemarioa jaso nuen. Olerki bilduma horrek Como arderá la niebla zuen izena. Bildumako olerkietako batek oso ondo sintetizatzen zuen nire lana. Horregatik oso aproposa iruditu zitzaidan Arde la niebla izenburua jartzea proiektuari. Sinestesia bat da, lainoa ez da inoiz erretzen, auto istripu batean ez bada, orduan bai, orduan kiskali egiten du.
Sara Medinaren atzetik ibili nintzen berarekin kontaktuan jartzeko. Gerora jakin nuen Sara Medina pseudonimo bat zela, eta horren atzean bi egile zeudela.
Euskal Herria Argazkia.Eus Lehiaketara aurkeztu duzu proiektua, zerk bultzatuta?
Espedienteei egindako argazkiek borobildu egin dute lana, nolabait. Ez dakit bukatuta dagoen proiektua, baina uste dut forma sendoa daukala, horregatik aurkeztu nintzen sariketaren lehen ediziora.
Argazki berriekin proiektuan sakontzeko asmoa daukazu?
Atea zabalik utzi nahi diot argazki-bilduman erretratuak txertatzearen aukerari. Lehen aipatu bezala ezbeharrak nolabaiteko trauma eragin zuen eskualdean; eta horren lekuko izan ziren pertsonen erretratuak egiten hasi naiz. Oraindik oso gutxi ditut, eta gerora erabakiko dut erretratu hauek proiektuan sartu edo ez.
Espero zenuen sarituen artean egotea?
Ez nuen espero, inondik inora. Ez nuen inolako pretentsiorik. Maila oso altua egon da sariketaren lehen edizioa izateko. Oso pozik nago emaitzarekin.
Aretxabaletan aurkeztuko duzu lana urriaren 5ean. Zer etorkizun aurreikusten diozu proiektuari?
Eskualdean erakutsi nahi dut lana batez ere. Urduñako Museoan egongo da ikusgai datorren urtean, eta Amurrion erakusketa antolatzea gustatuko litzaidake ere. Gainera, baditut hainbat ideia erakusketa horiek hornitzeko, hala nola interbentzio artistikoa egitea autobusaren hondarrekin.
Etorkizunak esango du non amaitu behar duen proiektuak, ez du merezi kabalak egitea.
“Poz handia hartuko nuke egunen batean nire proiektua Santiagon erakutsiko balitz”
Iritsi al da Galiziaraino zure argazki proiektuaren berririk?
Nik beti pentsatu dut argazki-proiektu honi amaiera bikaina emateko modua zela itriputik bizirik atera zen musikariren baten eskuetara iristea. Asko arakatu dut istripuko biktimak topatzeko, hori izan da lanaren zatirik zailena, eta, antza, gaur egun ez da inor bizirik geratzen. Haritik tiraka, artxiboetako abizenak lotuz, hilerriak bisitatuz, galdetuz... ibili naiz. Azkenean aurkitu dut biktimetako baten semea, baina ez dut oraingoz askoz gehiago sakondu. Poz handia hartuko nuke egunen batean nire proiektua Santiagon erakutsiko balitz.