Koldo, asteburu honetan agur esango diozu pilotari jokalari gisa, zer sentitzen duzu?
Larunbatean izango da nire azken partida eta pena handia sentitzen dut, baina, bestalde, 41 urte ditut eta uste dut unea heldu dela.
Sekulako zaletasuna izan diozu kirolari beti, orain zer egingo duzu betetzen zenituen ordu horiekin guztiekin?
Bai, egia esan, astero, asteartetan hasten nintzen pentsatzen non jokatu behar nuen, urrun edo gertu zegoen, norekin joan… Hemendik aurrera uste dut familiarekin plan gehiago egingo ditudala. Izugarri eutsi diote orain arte, eta merezi dute nik asteburutan egotea eurekin, asteburu pasa hortik.
Nola laburtuko zenuke zure ibilbidea txikitatik gaur egunera arte?
Nire ibilbideari dagokionez, pozik joango naiz frontoietatik. Bost urterekin hasi nintzen jokatzen Amurrioko frontoian. Nire aita ere pilotaria izan zen eta zaletasun handia izan dudanez, horri eutsi eta urte luzez ibili naiz frontoietan.
Lehen beste modu batean jokatzen zen. Pilotakada ugariko partidak zeuden eta ni aurrelaria nintzen. Ondo egiten nuen erasoan eta defentsa ona nuen.
Afizionatu mailan ondo aritu nintzenez, enpresa batek esan zidan eurentzat jokatzeko eta zazpi edo zortzi urtez ibili nintzen eurekin. Oso ondo egon zen. Herri pilo ezagutu nituen eta oso ondo pasa nuen. Kristona gozatu nuen, jende asko ezagutu nuen.
Afizionatura itzuli nintzen eta partida onak zein txarrak jokatu ditut eta jendea ezagutzen jarraitu dut. Oso pozik nago egindakoarekin.
Nola definituko zenuke zure burua jokalari gisa?
Uste dut pilotaria naizela. Buena asko egiten duen pilotaria. Egun onak, txarrak, oso onak eta oso txarrak izanditut, baina edozein gauzaren gainetik pilotaria izan naiz eta nahiz eta galdu, behartu ditut aurkariak ondo jokatzen.
Pilotari hitza esaten dugunean, jokalari bakarra datorkigu burura, baina zuk bikote ugari izan dituzu, zeintzuk etortzen zaizkizu gogora?
Bikote mordoa etortzen zait burura. Txikitan gogoratzen dut Zigor Velasco, Amurriokoa eta nire adinekoa. Irabazi genituen txapelketa pilo, Arabakoa, adibidez.
Handik aurrera izan nituen ni baino nagusiagoak zirenak. Orain oroitzen dut Arkaitz Ereño, Zaratamokoa. Urte oso onak egin genituen. Horren ondoren Mikel Goñi, Jaio, Gonzalo Velasco, Rober Uriarte… Horiekin askotan ibili nintzen jokatzen.
Herriko klubekoak ezin ahaztu: Mikel Herrero, Aitor Landaluze, Eneko Gonzalez, Aitzol Dorronsoro…
Partida ugari eta txapelketa mordoa jokatu dituzu, zein da zure palmaresa eta zein une (irabazi edo ez), dituzu biziki bihotzean?
Txapelketa asko jokatu ditut eta ezberdinak, baina herri artekoei beti eman diet garrantzi handia. Orain datorkit ere Mikel Herrerorekin Baños de Río Tobian Errioxan, 2019. urtean, irabazitakoa. Duela bost urte inork ez zuen euro bat ematen gure garaipenaren alde eta finalerdietan zein finalean emaitzari buelta eman behar izan genion.
Jende pilo joan zenfrontoira, zaletasun handia baitago. Txapela, trofeoa, ardoa, txorizoa… Denetarik eman ziguten.
Euskal Ligako txapelketa ere garrantzitsua da pilotariontzat eta aurten irabazi dut Los Fueros pilotalekuan Andra Mari Zuriko txapelketa Gasteizko jaietan. Hor jokatzeak kriston ilusioa egiten dit, jende asko baitoa eta frontoia oso gogoko dut.
Pilotak une paregabeak eman dizkizu, baina lesio larria ere izan duzu, nolakoa izan zen esperientzia hori? Mediku batzuek uste zuten ez zinela berriro kantxara itzuliko.
Lesio larri bakarra izan dut eta urtebete egon nintzen jokatu gabe. Medikuek ikusi zuten eta esan zidaten bizitza arrunta izateko konponduko zidatela, baina ez pilotan jokatzeko. Batetik bestera ibili nintzen. Azkenean, Bartzelonara jo nuen Moto GPko mediku batekin. Eskumuturrak askotan tratatu zituen eta denetarik ikusi zuen, eta berak aitortu zidan pilotara itzultzeko aukerak nituela.
Ondo pentsatu nuen, hara joan nintzen, ebakuntza egin zuten eta sei edo zazpi hilabeterekin hasi nintzen pilota goxuarekin eta lau hilabetera jokatzen ari nintzen.
Burua pilotatik kanpo oso izan nuen urtebetez eta gero itzultzea ikaragarria izan zen.
Iker Larrazabal oso gertutik ezagutzen duzu eta ez da eskualdean dagoen pilotari profesional bakarra. Nola ikusten duzu kirolaren egoera, nolako bilakaera izan du zu hasi zinenetik? Nola bizi izan duzu, adibidez, Ikerren igoera?
Oso pozik gaude herrian Iker hor goian ikusteagatik eta hemen jokatzen duenean beteko dugu frontoia, herriko laguntza izango du.
Laudion Arkaitz dago eta beso luzeak eta jokatzeko gogoak ditu. Gora egingo du.
Nik uste dut lehen ordu gehiago egiten genituela frontoian, baina Amurrion ikusten dugu umeak beste aire batekin dabiltzala.
Larunbatean jaialdi batekin ospatuko duzu agurra. Zertan datza agurra? Zer espero duzu?
Azken partida izango da. Duela hiru edo lau urte pentsatzen nuen helduko zela eta Amurrion egin nahi nuen, herrian. Lagun bat baja izango da, mina hartu duelako eta Mikel Goñik hartuko du lekua. Harreman polita daukat berarekin. Esan dit oso pozik etorriko dela nirekin azken partida jokatzeko.
Gero bazkaria egingo dugu eta jende asko egongo da. Batzuk kanpo geratuko dira ez dagoelako guztientzako tokia jatetxean, baina lagunak eta familia etortzea espero dut.
Frontoia betetzea zaila da, baina uste dut giroa egongo dela eta pozik joango gara frontoitik nire ondokoekin.