Amurrioko udal gobernu taldeak hamalau ordenantza fiskal eguneratu ditu eta oposizioak leporatu dio negoziatzeko borondate eza

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko ira. 27a, 18:49

Atzoko udalbatzaren irudia.

EAJk eta PSE-EEk onartu dituzte aldaketak eta EH Bilduk hobarien errenta muga handitzea, urteko muga ezartzea, etxebizitza alokairurako hobariak ematea eta hutsik dauden etxebizitzak zergapetzea proposatu zuela azaldu du, besteak beste, eta kritikatu du ez dela negoziaziorik egon hori ahalbidetzeko.

Amurrioko Udalak atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran 2025ean aplikatzen hasiko diren zenbait aldaketa onartu zituen aurkeztu diren hamalau ordenantza fiskaletan. Ordenantza horiek zergadun bakoitzak ordaindu beharko dituen zergak, tasak eta prezio publikoak arautuko dituzte, eta hurrengo lau urteetan urtean % 2ko igoera izango dute. Iaz % 5eko igoera egon zen.

Ezarri dituzten aldaketen artean Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga dago; ezinduentzako salbuespenak birdefinitu dira eta hobari berriak ezarri dira ibilgailu historikoentzat.
Era berean, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren Ordenantzaren aldaketek barne hartzen dute kargaren eguneratzea eta %20ko hobaria babes ofizialeko etxebizitzen oin berriko eraikuntzetarako.

Udalak azaldu duenez, Amurrio Antzokiaren zerbitzuak emateagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren 23. eranskinean egindako aldaketen helburua tarifak eguneratzea, zerbitzuaren kudeaketa arintzea eta zerbitzuaren prezioak eta alokairu-baldintzak nabarmen murriztea da.

Halaber, Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantza berri bat sortu dute, zerbitzuen kostuak justifikatzeko azterlan ekonomikoak ezarriz, eta, era berean, %10erainoko murrizketak ahalbidetuko dituzte berdintasuna edo euskararen erabilera bezalako balioak sustatzen dituzten jardueretan, OHZn aurretiko hobari fiskalak dituzten familiei ere mesede eginez errentaren arabera.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ere aldaketak eta EH Bilduren desadostasuna

EAJk eta PSE-EEk onartu zuten atzoko udal osoko bilkuran Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Ordenantza Fiskalean (OHZ), %20ko hobari berriak ezartzea Eusko Jaurlaritzaren Bizigune etxebizitza hutsaren programari lagatzen zaizkion higiezinentzat, eta %50ekoak beren garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jartzen dituztenentzat. Gainera, KPIa kontuan hartuta, % 2 eguneratzen dira 2025-2028 aldirako zerga-tasak.

EH Bilduk aipatutako lehen neurria kritikatu du eta azaldu du eurek proposatu zutela OHZko %20ko hobariak baldintza sozial batzuk betetzen dituzten alokairuei ere zabaltzea. "Azpimarratu behar da alokairu mota horiek direla Amurrioko alokairuen artean ohikoenak, eta ez Eusko Jaurlaritzaren programa ofizialei lotutakoak", aldarrikatu du oposizioko taldeak.

Ildo horretan, EH Bilduk deitoratu egin du gobernu taldeak izan duen "negoziatzeko borondate eza». EH Bilduren arabera, «gobernu taldeak hasierako proposamen bat aurkeztu zion EH Bilduri, talde politiko horren ekarpenak bildu eta negoziazio mahai batean eztabaidatzeko aitzakiarekin. Negoziazio hori ez da inoiz egin, hasiera-hasieratik ezezko batekin erantzun baitzitzaien EH Bilduk planteatutako ekarpen guztiei, negoziatzeko borondate eza argi utziz". 

Amurrioko EH Bilduk fiskalitate bidezkoago baten aldeko apustua berretsi du: "Aurkeztu dugun proposamen bakoitzaren abiapuntua da fiskalitate sistema batek diru gehiago biltzeko gaitasuna izan beharko lukeela, gehien duenak gehiago ordainduta, eta gaitasun ekonomiko gutxien duten bizilagunen egoera arintzen lagundu beharko lukeela. Izan ere, hori baita gakoa: diru-bilketa bidezkoagoa den modu batean banatuko dela bermatzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide