Udalerriko segurtasuna aztertu eta hobetzeko asmoz, "esplorazio martxa" batzuk antolatu ditu Amurrioko Udalak urriaren 1, 2 eta 3rako. Col·lectiu-k zuzentzen ditu ibilaldi horiek, eta emakume cis-ei, transei eta ez-bitarrei zuzenduta daude. Espazio publikoetako segurtasun-pertzepzioan eragina duten elementu fisikoak eta sozialak identifikatzea dute helburu. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua jarriko da Kultur Etxean urriaren 1ean eta 2an.
Urriaren 1ean, asteartean, prestaketa saioa egingo da 18:00etan, Kultur etxean. Bertan egingo dira proiektuaren eta kontzeptu nagusien aurkezpena eta Amurrioko herrigunetik egingo diren hiru ibilbideen definizioa.
Urriaren 2an, asteazkenean, tailer-diagnostikoa eta "esplorazio martxak" egingo dira. Goizean hiri segurtasunari buruzko tailer-diagnostikoa burutuko dute Amaurre ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleekin. Arratsaldean, aldiz, elkarren segidako bi Esplorazio Martxa egingo dira, hiriguneko eremu periferikoak aztertzeko. Lehenengo ibilaldia 17:30ean izango da, eta 19:30ean bigarrena, Juan de Urrutia plazatik.
Urriaren 3an, ostegunean, Esplorazio Martxa egingo da Amurrioko erdigunean, 10:30ean, Juan de Urrutia plazatik abiatuta. Erdiko aldean bideraturiko martxa da, erabilgarritasun mugatua dutenentzat edo ibilbide laburragoak nahiago dituztenentzat.
Col·lectiu kooperatiba, ikuspegi feminista intersekzionaletik
Arkitekto, hirigile, soziologo eta hezitzaileek osatutako diziplinarteko kooperatiba bat da Col·lectiu, lan egiten duena etxeko espazioak, espazio komunitarioak eta espazio publikoak ikuspegi feminista intersekzionaletik birpentsatzeko, hirigintzaren eremutik, prestakuntza- eta sentsibilizazio-lanak eginez.