Mendiko Eskolako patioan estalki bat eraikitzeko proiektua eraman dute Arabako Aurrekontu Parte-hartzaileetara. Araban erroldatutako aiaraldearrek azaroaren 8ra arte izango da egitasmo horren aldeko botoa emateko aukera. Bi bide izango dituzte horretarako: udaletxera jotzea edo Arabako Foru Aldundiaren webgunean sartzea, ziurtagiri elektronikoa baliatuta.
Udalak nabarmendu du estalkiaren egitasmoa ez dela onuragarria izango eskolako komunitatearentzat soilik, “herri osorako eremu multifuntzional eta irisgarri bat sortzea” delako helburua, hainbat motatako jardueren aterpe izateko balioko lukeena: kontzertuak, ikuskizunak, merkatuak edota herri bazkariak, besteak beste.
Aurreratu dutenez, azpiegitura “gardena” izango litzateke, eta 2alboetatik irekita” egongo litzateke. “Diseinu irekiak aireztapen egokia bermatuko du, ingurunearekiko lotura bisuala mantenduz eta hainbat jarduera egiteko espazio atsegina sortuz”. Horrez gain, Udalak uste espazio horu “gune aproposa” izango litzatekeela Oporretan Euskaraz bezalako ekitaldietarako, haurrei “eguzkitik eta euritik babestutako leku bat” eskainiko liekeelako, “euren esperientzia eta segurtasuna hobetuz”.
Horregatik guztiagatik, herritar guztiei luzatu die Udalak egitasmoaren alde botoa emateko gonbita.