MIKEL JIMENEZ

“Jendeak bozkatu nauelako heldu naiz honaino, eta neurria ematea espero dut”

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko urr. 14a, 10:32

Mikel Jimenez bere bizikletarekin. / Aiaraldea.eus

MIKEL JIMENEZ (Amurrio, 1996) da El Conquistador  telebista saioaren 21. edizioko lehen parte hartzailea. Zuzenean lortu du lehiaketarako txartela Instagramen 6.000 bozka baino gehiago eskuratuta, eta miseria pasatzeko gaitasuna duela baieztatu du.

El Conquistador saioaren 21. edizioko lehen parte hartzailea zara, zorionak! Zelan jaso zenuen albistea? 

Gasteizeko KZ gunera joan nintzen IT txartelak egitera, eta NANa ahaztu nuen bertan. Bat-batean agertu ziren, esan zidaten azken alegatua egiteko etorri zirela nigana, eta besteengana ere joango zirela. Baina gezurra zen: sobrea eman eta jendeak hautatu ninduela esan zidaten.

Sorpresa izan zen orduan?

Bai, ez genekien ezer, gero perretxiko bila gindoazelako.

Irailaren 20tik 27ra bozkatzeko aukera egon zen saioaren Instagramean. Lau finalista heldu zineten bozkaketa fase horretara, eta zuk irabazi zenuen, 6.000 bozka lortuta. Espero zenuen?

Banekien jendeak asko ikusten zuela, baina ez zen ikusten zenbat “atsegin dut” zituen bideoak. Jakin nuenean konturatu nintzen jendea asko mugitu dela nigatik, eta hori eskertzekoa da. Izan ere, desberdintasun handia egon da, ni 6.000 pertsonek bozkatu naute, eta bigarrena 2.000 pertsonek.

Eta jakin zenuenean zer pentsatu zenuen?

Blokeatu nintzen. 6.000 bozka asko dira, eta bigarrenarekiko aldea hain handia izatea arraroa da. Horrek esan nahi du jendea mugitu egin dela, Boliviatik, Argentinatik…

Zer dela eta bozkatu zaitu leku horietako jendeak?

Ezagutzen nautelako. Sei hilabetez egon naiz Argentinan bizikletarekin mugitzen.

“El Conquisen hilabete bat gutxienez aguantatzea espero dut”

Beti nahi izan duzu saio honetan parte hartu? Zergatik orain?

Beti ez, azken urteetan ez nuen hainbeste nahi. Aurreko urtean asmoa nuen, baina Argentinara joan nintzenez ezin izan nintzen apuntatu. Eta aurten joatera animatu naiz.

Uste zenuen hautatua izango zinela?

Ez nekien, baina saiatu behar nintzen. Ez nuena uste zen aukeratuko nindutela abesteagatik, oso gaizki abestu nuen gainera. Ez nuen uste horregatrik hautatuko nindutenik, beste hobeago bat egongo zela uste nuen.

El Conquistador-era joan arte zelan prestatuko zara? Entrenamendu berezirik egingo duzu?

Normalean egiten diren probak egingo ditut bereziki, trebatzeko. Eta agian aldizkako baraua egingo dut, jada egiten dut, baina luzeagoak egingo ditut, ordu edo egunetakoak.

Kostatuko zaizula uste duzu?

Nik uste baietz, gehien kostatuko zaidana gosea izango da. Beste guztiarekin nik uste nahiko ondo moldatzen naizela. Agian proba batean ni baino indartsuago dagoen norbait egon ahal da, edo sokekin hobeto moldatzen dena, baina nik uste dut ondo moldatuko naizela. Miseria pasatzearekin ez daukat arazorik.

Zergatik uste duzu partaide ona izango zarela? Zer duzu desberdin beste partaideek agian ez dutena?

Momentu txarrak pasatzeko aguantea. Argentinako lagunak ezagutu arte nire kabuz joaten nintzen mendira, esperientzia bisitzera. Eta Argentinakoekin taldean joaten ginen, bakoitza bere alde on eta txarrekin. Miseria pasatzeko gaitasuna daukat.

Ondo moldatzen zara taldean?

Bai, orokorrean bai. Baina aguantatu behar da, hilabete bat behintzat aguantatuko dut, edo hori espero dut.

Zer espero duzu? Ze helburu lortu nahi dituzu?

Esperientziaz disfrutatzea. Horrelako momentuetan jendea nolakoa den ikustea, talde-lana delako, eta sailkatuko gaituztelako, ez da mendira bakarrik joatea bezala.

Urdurik zaude?

Pixka bat bai, ea zelakoa izango den. Nire esperientzia izango da, baina jendeak bozkatu nauelako heldu naiz honaino, eta neurrian egotea espero dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide