AZKEN ORDUKOA

Urduñar bat hil da Loiuko lantegi batean, teilatutik erorita

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 15a, 16:20

Amiantoa kentzeaz arduratzen den enpresa da Amiantec 3000. Irudian, bi langile sabai batean, amiantozko plaka bat kentzen. / IStock

Amiantec 3000 enpresa amurrioarrarentzat egiten zuen lan beharginak eta amiantoa kentzen zegoen Loiuko lantegian.

M.L. izeneko 47 urteko langile urduñarra zendu da gaur Loiuko GECSA Conductores y Conexiones Especiales S.A. enpresan. ELA sindikatuak azaldu duenez, hildako beharginak Amurrioko Amiantec 3000 enpresarentzat egiten zuen lan, eta altuerako lanak egiten zebilen Loiuko lantegian, teilatutik erori denean. Hain zuzen, amiantoa kentzen duen enpresa da Amiantec 3000, eta gisa horretako lanak egiten ditu minbizia eragiten duen mineral hori duten fabrika zein bestelako azpiegituretan. 

LAB sindikatuak baieztatu du Urduñako langilea amiantoa kentzeko lanetan ari zela Gecsa enpresan, eta atzo bertan lan horien inguruan galdetu ziotela sindikatuko delegatuek lantegiko zuzendaritzari, baina honek uko egin ziola inolako daturik emateari. Nabarmendu dutenez, langilea 9 metroko altueratik erori da. Azken 10 urteetan Euskal Herrian 81 pertsonek galdu dute bizia antzeko erorketen ondorioz, 8 guztira aurten. Gainera, 2020an horrelako istripua jazo zen Zorroza Gestión de Residuos enpresan, Murgan. Bassirou Dione gaztea zendu zen eta lau urte geroago, konpainiako arduradunek onartu zuten gorpua mugitu zutela gertatutakoa estaltzeko.

Beste heriotza bat Nafarroan

Gesca enpresako zuzendaritzak desamiantatze lanei buruzko informazioa ukatu zien atzo bertan langile ordezkariei, LABek salatu duenez

Izan ere, gaur bertan antzeko beste lan heriotza bat jazo da Nafarroako Olleta herrian, telefonia poste zahar batean kobrea kentzen ari zen langile bat bertatik erori denean. Hala salatu du LABek: "Kasu hauetan Movistarrek ez ditu altueretarako saskidun kamioi egokiak erabiltzen kostuak gutxitzeko, eta berriki hainbat zigor jaso ditu neurriak ez hartzeagatik. Dirudienez, merkeagoa zaie langilearen heriotza". 

ELAk nabarmendu du aurten 46 pertsonak galdu dutela bizia euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, eta lurralde honek "lan-istripuetan buru" izaten jarraitzen duela Espainiako Estatuan. Horri lotuta, sindikatuak azaldu du altuerako lanetan gertatzen diren erorketak direla "istripu hilgarrien arrazoi nagusietako bat", eta heriotza horiek "guztiz" saihestu daitezkeela, "oinarrizko segurtasun neurriak hartuz gero". 

Horregatik, lan heriotza hau "ikertu eta argitzea" eskatu du langile-erakundeak, eta baita atzetik egon daitezkeen erantzunkizunak onartzea ere. Horri lotuta, ELAk zein LABek eskatu dute laneko arriskuen prebentzioari lotutako legea "bere osotasunean" betetzea, eta erakunde publikoei exijitu diete baliabide gehiago bideratzea ikuskikaritzak egitera, legea betetzen dela bermatu eta horrelako albisteak ekiditeko. 

Urduñako Udalak, bere aldetik, doluminak helarazi dizkie hildakoaren senide eta lagunei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide