Gorobel Ibilaldiaren XXXVIII. edizioak Fraileburuko lehen igoeraren mendeurrena ospatuko du

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urr. 17a, 14:20

Azaroaren 3an egingo dute Gorobel Ibilaldiaren XXXVIII. edizioa. / Mendiko Lagunak

Gorobel Ibilaldiaren edizio berria prestatu du Mendiko Lagunak taldeak datorren azaroaren 3rako. Aurten ehun urte betetzen dira Fraileburu mendia lehen aldiz eskalatu zela, eta efemerideari omenaldia egingo diote aurtengo hitzorduan.

Azaroaren 3an egingo dute eskualdeko mendi ibilaldirik sonatuena: Gorobel Ibilaldia. Aurtengoa XXXVIII. edizioa izango da, eta Mendiko Lagunak taldeko kideak hilabeteak daramatzate buru-belarri honen antolakuntzan.

Frailebururen mendeurrena

Aurtengo edizioak bat egin du Gorobel mendilerroko Fraileburu mendira egindako lehenengo igoeraren mendeurrenarekin. Angel Sopeña alpinistak 1924ko martxoaren 16an eskalatu zuen haitz ezaguna lehenengo aldiz, Euskal Herriko lehenengo eskalada bidea sinatuz, euskal mendizaletasunaren historian mugarria ezarrita.

Mendiko Lagunakeko kideek eskalada entzutetsu horren efemeridea ospatzea erabaki dute. Hori dela eta, Gorobel Ibilaldiko bi ibilbide nagusiek fraide itxura duen haitza ezaguna inguratuko dute. Horrez gain, Frailebururen silueta presente egongo da ibilaldiko parte-hartzaileek jasoko dituzten oroigarrietan.

Hiru ibilbide

Ohikoan bezala, hiru ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek, adin eta maila guztietako mendizaleen gozamenerako. Gorobel Ibilaldiak 36 kilometroko luzera izango du. Amurriotik abiatuko da goizeko 7:00etan, eta Burubio, Atxondo, Txarlazo, Txolope edota Bedarbide tontorrak zeharkatuko ditu. Goizale aterpean atsedena hartu ostean, Sendanegratik beherako bidea hartuko dute mendizaleek, Amurrioraino.

Ibilaldi ertainak 25 kilometroko luzera izango du. Bertan parte hartuko duten mendizaleek Urduñatik ekingo diote ibiltzeari, eta martxa nagusiko ibilbide berdina jarraituko dute.

Azkenik ibilbide txikiak mendizale gazteenak elkartuko ditu 10:00etan. Hauek, Goikolandeta izango dute abiapuntu, eta Lendoñogoiti eta Mendeika artean arituko dira ibilian, Amurriora jaitsi aurretik.

Bi izen emateren zozketa

Dagoeneko irekita dago Internet bidezko izen ematea. Mendiko Lagunakeko kideek azaldu dutenez honezkero 900 izen emateak gainditu dituzte.

Aiaraldea Komunikabideak, Mendiko Lagunak taldearekin lankidetzan, Gorobel ibilaldian parte-hartzeko bi izen emate zozkatuko ditu. Parte hartu zozketan hemen.

Erlazionatuak

Fraileburu: Euskal eskaladaren totema

Aimar Gutierrez Bidarte api 19 Urduña

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide