Auto gidari bat atxilotu zuen Ertzaintzak iragan igandeko (urriak 20) goizaldean, Amurrioko San Jose auzoan. Aurretik, gidariak ihes egin zuen poliziak AP-1 autobideko Zigoitiako irteeran ezarritako alkohol eta drogen aurkako kontrol batetik.
Ertzaintzaren Prentsa Bulegoak adierazi duenez, Arabako Trafiko Unitateko dotazio batek kontrolean geratzeko eskatu ondoren, autoko gidari eta bidaiari bakarrak "bat-bateko maniobra egin, martxa bizkortu eta abiadura handian ihes egin zuen tokitik". Ihesean zihoala "arrisku handiko egoerak" eragin zituela adierazi du Ertzaintzak.
Ihesaldia Amurrioko San Jose auzoko sarreran bukatu zen, auto gidariak jarraika zuen polizia-ibilgailuaren kontra "nahita talka egiterakoan". Talkaren ondorioz hainbat kalte eragin zizkion polizia autoari.
Bi delitu
Ertzaintzak bi delitu egotzi dizkio ihes egin zuen auto gidariari, ausarkeriaz gidatzeagatik eta agintarien aurkako atentatua egiteagatik. San Jose auzotik Gasteizko komisaldegira eraman zuten atxilotua, epailearen esku utzi aurretik. Ertzaintzak nabarmendu duenez "susmagarria oso bortizki aritu zen une oro ertzainei eraso egiten".