Noiz hasi zinen antzezpenaren munduan?
Duela oso denbora gutxi hasi naiz, urte honetako urtarrila amaieran.
Zinearen edo antzerkiaren inguruko ikasketarik duzu?
Ez, ez dut interpretazioaren inguruko ikasketarik.
Nolakoa izan da Cuerpo escombro filma grabatzea?
Esperientzia ahaztezina izan da, eta oso dibertigarria, maila pertsonalean asko lagundu didana. Niri eta desgaitasuna duten gainerako aktoreei zailtasun batzuk gehitu zaizkigu, desgaitasunik ez duten pertsonekin filmatzean. Horrek denon arteko harremanei arreta berezi bat ematea eskatzen du, filmaren zuzendariak gure interpretazioekin publikoari helarazi nahi diona islatzeko.
Zerk bultzatu zintuen filmean parte hartzera?
Nire amak irratian entzun zuen, Bilbon grabatu behar zen film baterako casting bat zegoela eta neska gor bat behar zutela. Albistea bilatu eta eskatzen zituzten argazki eta bideoak bidali nituen eta hautaketa prozesua pasatu nuen. Momentu horretan oso animatuta nengoen eta oso baloratuta sentitu nintzen produkzio taldearen eta ingurukoen partetik. Erronka pertsonal moduan hartu nuen proiektu hau.
Zer garrantzia uste duzu duela aniztasun funtzionala bezalako gai bat zineman lantzeak?
Nire ustez gai delikatua da, baina ezagutzera eman behar dira egunerokoan aniztasun funtzionala dugun pertsonok bizi ditugun zailtasunak. Bakoitzak dugun desgaitasunaren arabera, itxuraz soilena ere konplexu bihurtzen da. Cuerpo Escombro filmak aniztasun funtzionala dugunon arazoak erakutsi eta ikusgarritasuna ematen lagundu nahi du, umore ukitu batekin.
Nolakoa da aniztasun funtzionala izanda filmaketa batean parte hartzea?
Esperientzia oso interesgarria izan zen. Aniztasun funtzionaldun kide guztiok oso ekipo ona osatu dugu, elkarri asko lagunduz eta familia txiki bat osatuz. Oso pozgarria izan da. Koordinazioa oso garrantzitsua izan da eta filmaren helburua eta mamia, nire ustez, ona da.
Nolakoa da film baten grabazioaren antolaketa?
Konplexua da, ez nekien eszena bat egiteko eta arropa, atrezzoa, argiak eta audioa perfekzionatzeko hainbeste denbora behar zenik. Gainera, guzti horrek ondo koordinatuta eta gainbegiratuta egon behar du eszena bakoitzeko xehetasun guztiak ondo izateko. Askotan eszenak asko errepikatu behar dira, dena behar bezala atera arte.
Zenbat denbora egon zineten pelikula grabatzen?
Filmaren grabazioak hilabete batzuk iraun zituen. Nik 5 egunetan hartu nuen parte. Baina egun horiek baino lehenago ere egon ahal izan nintzen filmaketan, nik antzeztu behar nuenerako filmaketa prozesua ezagututa izateko.
Zer izan da filma grabatzearen gauzarik onena?
Gauzarik onena filmaketan nirekin parte hartu duten pertsonak eta zuzendaritza, jantzitegikoak eta gainerako lan-taldea ezagutzea izan da. Era berean, beste desgaitasun mota bat duten pertsonekin bizitzea, dena ondo ateratzeko ahaleginak batzea asko gustatu zait. Asko dibertitu naiz beraiekin. Garen bezala onartuta, zoriontsu eta dibertitzeko gai garela erakutsi nahi izan dugu.
Nolakoa izan da Dani Rovira, Ernesto Sevilla, Maria Herbas eta maila horretako aktoreekin grabatzea?
Oso hitz onak ditut beraiei buruz. Apartak izan dira gurekin, harreman onak sortu ditugu filmaziotik kanpo ere. Zorrotzak eta perfekzionistak dira beraien lanarekin. Fokuetatik kanpo haien aholkuak jarraitu ditugu eta gainera, aniztasun funtzionalarekiko interesa agertu dute.