Kultur sorkuntza Aiaraldean

"Denok gara norbait" erakusketa aurkeztu dute, Amurrioko hiru emakumeren erretratuekin

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 31a, 12:20

6x4 metroko eta 5x5 metroko neurrikoak dira irudiak eta Amurrioko hiru emakume argazkilarik egin dituzte.

Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Denok gara norbait erakusketa. Berez, osatzen duten hiru argazkiak duela astebete jarri zituzten, baina gaur erakutsi dituzte osorik, 'Denok gara norbait' eta 'Todas somos alguien' mezuekin.

Proiektuaren atzean Maied Urrutia dago, eta argazkien egileak Bruna Aldama, Ainara Robles eta Iratxe Rotella izan dira. Hirurak dira Urrutiaren ikasleak Kultura Etxeko argazkigintza ikastaroetan.

Lehiaketa artistikoaren tokia

Proiektu honek Amurrion egiten zen Lehiaketa Artistikoaren tokia hartu du. Izan ere, Udalak azaldu duenez, "egitasmo horrek ez ditu tokiko artistak bultzatzen eta hemengo sortzaileak babestea da Kultura Planaren asmoa".

Abiapuntu horrekin, Kultura Arloak bestelako ekintza bat pentsatu zuen eta Maied Urrutia argazkigintza irakasleari proposatu zion erakusketa sortzea, neurri handikoa, kalean jartzeko.

Lehiaketa Artistikoaren tokia hartu du ekimen berriak tokiko sortzaileak sustatzeko asmoarekin.

Genero ikuspegia

Hasieran ideiak ez zuen genero ikuspegia berez txertatuta, baina Urrutiak hiru emakume argazkilari hautatu zituen antzeko begirada dutelako: "Sortzaile ezagunak gonbidatu izan bagenitu, agian ez litzateke posible proiektu erabat koherentea egitea, baina Bruna Aldama, Ainara Robles eta Iratxe Rotella aspaldi ezagutzen ditut eta badakit antzeko begirada dutela. Euren arteko elkarlana sustatu dut. Egun berean egin genituen irudi guztiak eta elkar lagundu zuten argiarekin, adibidez. Asmoa zen erakustea emakumezkook ez dugula lehiakortasun toxikorik".

Erretratuak

Hiru erretratu sortzea zen hasierako ideia, baina ez zuten zehaztu nor agertu behar zen. Edonola ere, ideia 'Denok gara norbait' izanik, Urrutiak proposatu zien hiru argazkilariei miresten zuten pertsona bana aukeratzea eta guztiek erabaki zuten emakumeak izatea.

"Guztiok gara norbait bizitza honetan. Proiekzio publiko handiagoa edo txikiagoa izan, gure inguruan eragiten dugu. Hortaz, jende oro da garrantzitsua", argitu du Urrutiak.

Erantzunak

Argazkiak duela astebete instalatu zituzten udaletxean, Kultura etxean eta liburutegian. Geroztik, herritarren artean jakin-mina, ezustea eta erantzun anitzak eragin dituzte. "Batzuek aipatu dute ea zergatik zegoen emakume hau edo bestea. Ea zergatik eurak eta ez beste batzuk", azaldu dute.

"Orain mezua zabaldu dugula, espero dugu jendeak zuen iritzia alderatzea eta aldatzea eta zerbait sortzea bere baitan", aldarrikatu du Maied Urrutiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide