Noiz hasi zinen idazten? Betidanik gustatu izan zaizu?
Betidanik gustatu izan zait irakurketa eta idazketa. Asko gustatzen zait letrekin eta humanitateekin zerikusia duen guztia. Izan ere, letrak ikasi nituen unibertsitatean. Liburuak idazten 2015. urtean hasi nintzen. Que te lo cuente mi perra idatzi nuen lehendabizi eta ondoren etorri zen Los ojos que nunca duermen liburua. Bizitakoaren eta nire pentsamenduen inguruko oharrak ere idazten ditut.
Nola definituko zenuke zure ibilbidea idazle bezala?
Ni ingeleseko irakaslea naiz, hori da nire lanbidea. Idazle amateurra naiz, ez naiz profesionala. Nire zaletasun bat da, asko gustatzen zait. Idazteak bakea eta ongizatea ematen dit eta nire buru osasunerako lagungarria da.
Los ojos que nunca duermen liburuan Miguelo izeneko umezurtz baten istorioa kontatzen duzu. Zergatik kontatu nahi izan duzu istorio hau?
Istorio asmatua da, ez du errealitatearekin zerikusirik. Ez naiz benetako gertaeretan edo bizipenetan oinarritu. 1960ko hamarkadako umezurtz baten istorioa bururatu zitzaidan, ni jaio nintzen hamarkadakoa, eta Palentziako katedralean kokatu nahi izan nuen, nire ama jaio zen probintziako hiriburuan. Lotura estua dut probintzia horrekin, askotan joan naiz bertara oporretan, oso gustuko dut. Palentziako katedrala ere oso polita iruditzen zait eta gargolek ere arreta ematen didate, oso politak dira eta mota askotakoak eta desberdinak dira.
Zer irakurri ahal izango dugu liburu honetan?
Liburu honek, Migueloren, 1960. hamarkadako haur umezurtz baten istorioa kontatzen du. Ume horrek ikasteko eta gauzak jakiteko grina handia du eta horregatik lapurretaren bat egiten du. Umezurztegi batean bizi da eta bere ametsa familia batek adoptatzea da. Horretarako, bi urtetan zehar ondo portatu behar dela esaten diote. Miguelo bi urte horietan jarrera ona izaten saiatzen da baina urte horiek amaitzeko daudenean delitu batzuk gertatzen dira eta bera tartean dago. Gargolek umea lagunduko dute. Elezahar baten arabera, hauek dena ikusten dute eta gauean bizia hartzen dute. Horregaitik du izenburu hori liburuak.
Istorioak amets baten bila joatea du ardatz. Zerbait lortu nahi baduzu, horren bila joan. Hori pixka bat autobiografikoa da, nik beti izan baitut pentsaera hori.
“Edozeinek irakurri dezake, oso liburu hunkigarria da"
Zenbat denbora egon zara liburua idazten? Noiz hasi zinen?
Ez nuen denbora asko eman liburua idazten, ez nuen ikerketa handirik egin behar izan. Katedralaren inguruko informazio apur bat bildu behar izan dut, eta Palentziako historia, gutxi gorabehera, banekien. Liburu hau, lehena amaitu ostean hasi nuen. Hiruzpalau hilabete eman nituen idazten.
Uztailean argitaratu zenuen liburua eta urriaren 18an aurkeztu zenuen. Zer nolako harrera izan du orain arte?
Oso pozik nago harrerarekin. Amurrioko liburu-denda guztietan dago eta jende askok erosi du. Herrian nahiko harrera ona du, liburua sinatzeko ere eskatzen didate. Nire ikasleak ere erosten ari dira eta asko gustatzen zaiela esaten didate. Espero dut Palentzian ere harrera ona izatea. Azaroan aurkeztuko dut bertan. Bilbon eta Gasteizen ere egingo ditut aurkezpenak.
Ilustrazioak ere zuk egin dituzu. Nolakoa izan da idazketa eta marrazketa uztartzeko prozesua?
Liburua argitaratu baino lehenago, argitaletxeak ilustratzailerik nuen galdetu zidan. Nik esan nien ilustratzailea ni izango nintzela. Ez naiz marrazten aditua, baina gustatzen zait. Irudiak kopiatzen ondo moldatzen naiz. Kapitulu bakoitzaren hasieran gargola bat dago, argazkietatik kopiatu ditudanak. Katedraleko trifolioaren ilustrazio bat ere badago, Palentziako panoramika ikusten baita bertatik. Protagonistaren ilustrazioa nik asmatu dut. Horretan aditua ez naizen arren, marraztera ausartu naiz.
Liburua Palentzian kokatuta dago, zergatik erabaki zenuen bertan kokatzea?
Katedraleko gargola denak animaliak, monstruoak eta izaki arraroak dira, bat izan ezik. Hau argazkilari baten gargola da. Azken honek inspiratu ninduen liburua idazteko. Lehen esan bezala, katedralarekin lotura estua dut, nire ama Palentziako Ampudia herrian jaio zelako. Istorio hau nire amaren omenez idaztea erabaki nuen.
“Nire ama duela bi urte hil zen eta berari omenaldi bat egitearren erabaki nuen liburua argitaratzea”
Ze adineko umeentzako liburua da?
12 urtetik gorako umeentzako liburua da. Hala ere, edozeinek irakurri dezake. Oso liburu hunkigarria da.
Anekdota moduan, liburu hau idatzi nuenean nire alabak 16 urte zituen eta irakurri zuenean hunkitu egin zen. Orain, 7 urte beranduago, berriro irakurri du eta berriro hunkitu da.
Nolakoa izan da liburua argitaratzeko prozesua?
Argitaletxeari aurreko libururekin batera, honen zirriborroa bidali nion eta esan zidaten nahi nuenean argitaratu nezakeela. Baina liburu bat argitaratzeak gauza asko egin behar izatea dakar. Nire lanak ere denbora asko kentzen dit eta liburuaren argitalpenaren ideia alde batera utzi nuen. Nire ama duela bi urte hil zen eta berari omenaldi bat egitearren erabaki nuen argitaratzea.
Etorkizunerako beste eleberriren bat argitaratzea duzu pentsatuta?
Helduentzako eleberri baten gidoia idatzi nuen duela denbora asko. Baina liburu hau idazteko ikertu egin behar dut, Irlandan zentratzen da, IRAren garaian. Lurralde horrekin ere lotura handia dut, askotan joan naizelako bertara ingelesa praktikatzera. Mutil irlandar bat izango da protagonista eta kutsu autobiografiko bat ere izango du, bertan bizi izan ditudan gertaera batzuekin. Nire istorio guztiek dute nirekin zerikusia.