Azaroaren 16an, larunbata, izango da III. Aiaraldeko Trikitixa Topaketa Amurrioko Gaztetxean, baina, hori bai, bazkarian parte hartzeko tiketak igandera arte egongo dira salgai; Araba Garagardotegian (Laudio), Tunel Jatetxean (Areta) eta Txokogorrin (Amurrio). 25 euro balioko du otorduak helduen kasuan eta 10 euro 14 urtetik azpikoentzat. Helduentzako menua haragi paella eta makailua piperrekin izango da. Gazteek, aldiz, pasta eta solomoa izango dute.
Berez, jarduera 11:30ean hasiko da eta herriko plazatik abiatuko dute kalejiran. 14:30ean eseriko dira trikitilariak, panderojoleak eta zaleak bazkaltzera.
Trikitilarien topagunea
Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute jende ugari dabilela Aiaraldean trikitia eta panderoa jotzen edota ikasten eta modu honetan guztiak elkartu nahi dituztela egun polita gozatzeko. Txoko guztietako zaleak erakartzeko mugitzen dute ospakizuna herriz herri, aurrekoak Laudion eta Aretan izan baitira.
Epe luzerako beste helburuetako bat bada euskal folklorea sustatzea Aiaraldean, ez dadin desagertu: "Antolakuntzan gaudenok asko mugitzen gara Euskal Herritik trikitiarekin harremana duten ekintzetan aritzeko eta maiz badirudi trikitilari eta panderojole guztiak gipuzkoarrak direla. Jende dezentek, ordea, jotzen du Aiaraldean eta batzeko beharra badago."