Tubos Reunidos enpresako ESK sindikatuko atalek (Amurrio zein Trapagakoek) oharra zabaldu dute azpimarratzeko konpainiak 40,6 milioi euroko mozkin garbiak eskuratu dituela, beharginak enplegua erregulatzeko espedientearen barruan dauden bitartean. Horrez gain, erakundeak erantsi du Sestaoko altzairutegia ere saldu dutela eta ez dela emaitzetan islatu.
Hain zuzen, duela urtebete baino gehiago hasi zen espedientea eta langileek izan duten seigarrena da 2018tik, langabezia kontsumitzen. Tarte berean, Tubos Reunidosek 100 milioi euro baino gehiago irabazi ditu eta sindikatuak honakoa azaldu du: "Ez zaigu ez egokia ez etikoa iruditzen enpresa batek etekinak lortzea bere plantillaren soldataren zati bat herritarren zergen bidez ordaintzearen kontura. ERTEen helburua koiunturazko arazo baten aurrean tresna izatea da, eta ez enpresen etekinak handitzea".
Horren aurrean, gainontzeko sindikatuen jarrera kritikatu du ESK-k, ez dutelako azaleratu enplegua erregulatzeko espedienteean aurka borrokatzeko grina. Alegia, aldarrikatu dute langileen erakundeek mobilizatzeko beharra dutela, "mozkinak dituzten enpresak behartu ditzaten beren ekoizpen-gaitasunaren malgutasuna eta merkatuaren gorabeherak kudeatzera beren kutxarekin, eta ez langileen soldata eta eskubideekin".
Horrela, gogor salatu dute lotsagarria dela Espainiako egungo gobernuak, "bere burua aurrerakoitzat duenak, milioi askoko irabaziak dituzten enpresei uztea krisian dauden enpresentzako tresnak erabiltzen (langileen eskubideak eta soldatak kaltetzen dituzten tresnak), diru publikoa nahieran erabiliz".
Azkenik, egungo egoera etetea exijitu diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, "enpresa horien jarduera zaintzeko neurri gogorragoak ezarriz". Horrez gain, aldarrikatu dute enpresek "lan-agintaritzaren onespen baten beharra" izan beharko luketela aldi baterako lan-erregulazioak aplikatzeko.