Denok gara norbait, nahiz eta batzuek gogoko ez izan

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 12a, 19:30

Urriaren 31n inauguratu zuten Denok gara norbait erakusketa. Atzo kendu zuten eta Maied Urrutiak ekimenaren balorazioa egin du.

Urriaren 31n jakinarazi zuten zer zen Denok gara norbait erakusketa. Egitasmoak, nolabait, Amurrioko Lehiaketa Artistikoaren tokia hartu zuen eta hiru emakume anonimo jarri zituen guztien begien bistan, erreferentziazko herritarrak baitira irudiak hartu zituzten argazkilarientzat.

Marian Yarritu, adibidez, miresgarria da Ainara Roblesentzat. "Ume pilo hartu ditu eta elkarteetan lagundu du. Balioan jarri behar da hori", azaldu du bere argazkiaren egileak.

Iratxe Rotellak Edurne Aramendi hautatu zuen: "Lanean aritu nintzen berarekin eta miresgarria iruditzen zait bere izaera, nola tratatzen duen jendea. Gainera, bere familia aurrera atera du".

Bruna Aldamak, aldiz, Nagore Carrascori egin zion erretratua: "Emakume indartsua eta borrokalaria da, zailtasunak izan arren aurrera egin du beti, amore eman gabe eta bere ingurukoak zaintzen. Inspirazioa da niretzat, oso ausarta delako".

Erakusketa polemikoa

Erakusketak aldarrikatzen duena xumea eta positiboa izan arren, sare sozialetan hautsak harrotu ditu zenbaiten artean eta Maied Urrutia ideiaren bultzatzaileak luze hausnartu du horri buruz, atzo kendu baitzituzten argazkiak.

Izan ere, Urrutiak horrelako zerbait espero zuen: "Interesgarria iruditzen zait, eta tristea ere bai, jendearen erreakzioa proiektuaren diskurtso artistikoa sortu bitartean imajinatzen nuen bezalakoa izan dela ikustea. Batzuek, nahastuta, galdetu dute zer den hori, edo zergatik dauden pertsona horiek hor, batzuek pentsatu dute omenaldi bat zela abusu edo ezbeharren bat jasan dutenei, era guztietako espekulazioak izan dira, eta, jakina, batzuek, minduta, berehala atera dute euren egoa sareetatik paseoan, 'pertsona horiek hor egoteko direnak, edo besteek baino gehiago egin dutenak' bezalako iruzkinekin".

Zer da norbait izatea?

Irudiak kalean ikustean sutu direnei hausnartzeko gonbidapena egin die Urrutiak: "Zer da bestea baino gehiago edo gutxiago egitea? Nork ematen du baremoa? Ez al dugu, ahal dugun neurrian, ahal dugun guztia egiten? Eta hor publikoaren erreakzioa bat dator obra apal honen proposamen nagusiarekin, non kaleetara hausnarketa eraman nahi dugun, era batera edo bestera denak norbait garela, 'hori ez da inor' hura ez dela inola ere sostengatzen, eta esaten duenaren zaurietatik sortzen dela zuzenean".

Balorazio positiboa

Gauzak horrela, eta polemikak polemika, Urrutiaren aburuz, erakusketak bete ditu bere helburuak: "Uste dut lortu dugula jendeak erreakzionatzea, epaitzea eta era guztietako galderak egitea, erretratatutako pertsona horiek benetan gu ordezkatzen ari zirela jakin aurretik, gure existentzia sinplean izan behar dugun guztia garela, garenak garela, eta bai, zalantzarik gabe, denok garela norbait".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide