Tokiko Merkataritzaren Eguna ospatuko dute Amurrion, "kontsumitzaileen eta merkatarien arteko distantzia murrizteko"

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 15a, 11:45

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Amurrioko udaletxean. / Aiaraldea.eus

Amurrio Berrikusi Plataformaren bidez herritarrak eta merkatariak elkartzeko dinamika sorta jarri dute abian. Tokiko merkatariekin egindako podcast saioa aurkeztu dute, besteak beste.

Amurrioko Tokiko Merkataritzaren Egunaren lehen edizioa aurkeztu dute gaur Amurrioko udaletxeko areto nagusian. Amurrio Berrikusi elkarteak jarduera sorta prestatu du, "herritarren eta tokiko merkataritzaren arteko distantzia murrizteko".

Amurrio Berrikusi aplikazioa

Tokiko merkataritza sustatzeko bide horretan, Amurrio Berrikusi aplikazioaren inplementazioan egindako lana jarri dute balioan Udaleko eta merkataritza elkarteko kideek. Sakelako telefonoetarako aplikazio digitalak 1.900 deskarga baino gehiago izan ditu aurkeztu zenetik, eta nabarmen gainditu ditu hasierako aurreikuspenak.

Guztira 8.844 tiket balioztatu dira aplikazioa erabiliz, horretarako garatu diren bi kanpainen artean. 592.627,59 euroko balioa dute tiket guztiek orotara.

Tokiko merkataritza sustatzeko egitasmoak

Asko dira azken asteetan tokiko merkataritza sustatzeko abian jarritako egitasmoak. Horien artean dago Tokiko Saltokiak Eguneratzeko Programa. Udalerriko 20 negoziok hartu dute parte bertan eta, guztira, 435 bizilagunen iritziak jaso dituzte tokiko merkataritzarekin duten esperientzia eta harremanari buruz.

Berritasun nagusia "kontsumitzaileen eta tokiko saltokien arteko harremana estutzeko" sortu duten podcast saio berria da. Amurrio, de tienda a tienda da saioaren izena, eta 15 minutuko sei atalez egongo da osatuta. Bertan, udalerriko hainbat merkatariren esperientziak elkarbanatuko dituzte. Gaurko aurkezpen ekitaldia baliatu dute lehen saioaren aurrerapena eskaintzeko. Azaldu dutenez, aurki egongo dira atal guztiak entzungai.

Datozen aste eta hilabeteetan askoz gehiago izango dira abian jarriko dituzten dinamikak: tailerrak, hitzaldiak... Arreta berezia jarri nahi du merkatarien elkarteak adinekoak eta gazteak erakartzen.

Sari banaketa

Gaurko aurkezpena baliatu dute ere azken kanpainetako sari banaketa egiteko. Zuk erantzun, Guk ikasi inkestaren bi irabazleek tokiko produktuz osatutakobi saski jaso dituzte, 100 eurotan baloratutakoak.

1.500 euroko bi txeke banatu dituzte ere, Udazkeneko Zozketako sariak hain zuzen ere. Azkenik, eta zozketa berdinean, 1.000 euroko saria irabazi du Bai-Bada liburudendak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide