Emakundek gomendioa egin dio Arabako Futbol Federazioari talde mistoak onartu ditzan kategoria federatuetan. Erakundeak iradoki dio federazioari hausnarketa egin behar duela, emakumezkoek parte hartu ahal izateko gizonezkoen lehiaketetan.
Iradokizunaren jatorria da Raul Ramos Txipi amurrioarrak egindako kexa. Izan ere, berak eskola kiroleko talde mistoa entrenatzen du eta pasa den denboraldian ikusi zuen bere taldeko neskek kirola uzten zutela (kasu bat ikusi zuen) edo inguruko beste herri batzuetara joan behar zirela futbol federatuan aritzeko (beste bi jokalarien kasua), talde mistoak ahalbidetzen ez dituztelako kategoria federatuetan.
Hori ikusita, Ramosek kexa helarazio zion Emakunderi, azalduta herri txikietan zaila dela emakumezkoen taldeak sortzea eta beste kategoria batzuetan bezala, talde mistoak sustatu behar zirela.
Kirol federatuan talde mistoak debekatuak egoteak neskek euren esparru naturalean kirola praktikatzeko duten eskubidea urratzen du, Emakunderen aburuz.
Emakunde, bere aldetik, Arabako Futbol Federazioarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan.
Federazioak erantzun zuen ez zuela aurreikusita talde mistoen parte hartzea zabaltzea. Alde batetik, inork ez duelako eskatu, eta bestetik, araudiak ez duelako baimentzen.
Aldundiak, aldiz, aurreratu zuen indarrean dagoen denboraldian talde mistoen izen-ematea zabaldu dela haur kategoriara, betiere parte hartze kategorian eta ez errendimendukoan (zeinean klub indartsuenak lehiatzen diren).
Emakunderen erabakia
Aldeen argudioak eta legedia aintzat hartuta, Emakundek irailaren 10ean erabaki zuen komunikazioa bidaltzea Arabako Futbol Federazioari. Agiri horretan gonbidatzen dio federazioari hausnarketa abiatzera eta emakumeen parte hartzea ahalbidetzera gizonezkoen txapelketetan.
Kirol federatuan talde mistoak debekatuak egoteak neskek euren esparru naturalean kirola praktikatzeko duten eskubidea urratzen du, Emakunderen aburuz. Horregatik, hain zuzen, adierazi du 10.000 biztanle edo gutxiagoko udalerrietan talde mistoak konponbidea izan daitezkeela.
Halaber, eta Arabako Foru Aldundiaren ekimenari erreparatuta, iradokitzen du haur kategoriatik gorako maila federatuetan ere baimendu ahal direla talde mistoak.