Ska doinuek hartuko dute Amurrioko Gaztetxea ostiralean

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 21a, 12:31

Skabidean taldea zuzeneko kontzertu batean. / Ekaitz Anda

Les testarudes, Skabidean eta Fito Skins taldeak arituko dira bihar Amurrioko gaztetxeko oholtzan. Gazte Asanbladako kideak buru-belarri aritu dira gune autogestionatua atontzen.

Ska doinuak izango dira bihar protagonista Amurrioko Gaztexeko kontzertuetan. Gazte Asanbladako kideek jaialdi berria antolatu dute, eta oraingoan Les testarudes, Skabidean eta Fito Skins taldeak izango dira protagonistak.

21:00etan zabalduko dituzte espazio autogestionatuko ateak, eta sarrera borondatearen truke izango da. Apirilean Su Ta Gar talde ezagunak gaztetxea goraino bete zuenetik, bertan antolatzen den lehenengo musika jaialdia da honakoa, eta gazte amurrioarrak gogotsu azaldu dira hitzorduari heltzeko. "Ilusio handia egiten digu gure oholtzatik hain maila handiko taldeak izateak, zuekin dantzatzeko zain gaude!", adierazi dute sare sozialetan.

Ska doinuak nagusi

Kataluniatik dator bihar gaztetxean arituko den taldeetako bat, Les Testarudes. Bederatzi emakumek 2023an abiatutako proiektu musikala da honakoa. Ibilbide laburra egin duten arren, lortu dute honezkero panorama musikalean haien ska, rocksteady eta reggae doinuei lekua egitea. 

Iruñeatik dator Skabidean, hauek ere ska, rocksteady eta reggae doinuekin. 2012. urtean sortu zen taldea, eta 10 urte baino gehiago daramate Euskal Herriko eszena musikala astintzen.

Ondo ezagutzen dituzte eskualdeko txokoak, izan ere, hainbatetan izan dira Laudioko Gaztetxean jotzen, besteak beste. Berriki taldearen estudioko bosgarren lan luzea kaleratu dute: Hau errepikaezina izan da, 17 abestiz osatutako diskoa:

Kartela osatzeko, Elorrioko Fito Skins taldearen doinu akustikoak ere igoko dira Amurrioko Gaztetxeko oholtzara.

Gaztetxea goxo eta prest

Azken asteetan buru-belarri aritu dira Amurrioko Gazte Asanbladako kideak espazioa atontzeko auzolanetan. Teilatu eta argiteria berriak jarri dituzte, eguraldia edozein dela ere Gaztetxean dantzan goxo etengabe aritzeko.

Bere unean jarritako karpari estalkiak gehitu dizkiote, euri urak bideratzeko kanalizazioekin batera. Eszenatokiko egitura sendotu dute ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide